Hiru artista, bi piano, eta hainbat bidegurutze

Hiru sortzaileen artean aukeratu dute emanaldiko musika, eta programa betea osatu dute./
Hiru sortzaileen artean aukeratu dute emanaldiko musika, eta programa betea osatu dute.

Xabier Lizasoren, Andoni Egañaren eta German Ormazabalen arteko elkarlanak sortu du ekainaren 28an Donostian emango duten 'Eta zer...gehiago?' ikuskizuna

NAIA BEGIRISTAINDONOSTIA.

'Eta zer... gehiago?' emanaldia eskainiko dute Xabier Lizasok, Andoni Egañak eta German Ormazabalek Donostiako Victoria Eugenia antzokian, ekainaren 28an. Bi piano-jotzaileren eta bertsolari baten arteko elkarlanaren fruitua da saioa. Bi piano, hiru bizitza, eta hainbat bidegurutze: artistek euren bizipenak kontatuko dituzte. «Bizitzako bidegurutzeak», erabakiak hartzeko uneak, dituzte hizpide. Egañaren hitzek eta Lizasoren eta Ormazabalen piano doinuek sartuko dute entzulea kontakizunean. Saioa 20:00etan hasiko da, eta sarrerak 12 euro balioko du. Antzokiko leihatilan eta web gunean daude salgai.

«Eta zer gehiago?». Erantzun hori jaso zuten Lizasok eta Ormazabalek 17 urterekin familiari piano ikasketak egiteko asmoa zutela adieraztean, eta izenburu bera jarri diote emanaldiari. Ikuskizunaren ardatzean baitago, hain zuzen, derrigorrezko hezkuntza amaitu osteko unea. «Zuk ikusiko duzu», izan zen gurasoek eman zieten bigarren erantzuna. «Ezezko borobila baino okerragoa», Egañaren iritziz. Izan ere, «erabakiaren ardura zugan jartzen dute». Hiru artisten helburua da entzulea denboran atzera momentu horretara eramatea. Bertsolari eta idazle zarauztarraren hitzetan, «17 urterekin garrantzitsuagoa da ostiraleko plana, datozen 30 urteetan egin beharreko lana baino».

Emanaldia
'Eta zer... gehiago?'.
Pianoa
Xabier Lizaso eta German Ormazabal.
Hitzak
Andoni Egaña.
Eguna
Ekainak 28.
Lekua
Victoria Eugenia Antzokia.
Sarrera
12 euro.
Gaia
Aukerak egitea.

Egañak dioenez zaila da aukerak egitea, «erabakietan galerak daudelako». Ikuskizuneko egitura sortzeko ere hamaika erabaki hartu dituzte. Azkenean, baina, programa «betea eta orekatua» osatu dute: musika, antzerkia, bertsoak eta inprobisazioa. Emanaldian pisu gehien musikak duen arren, Lizasok adierazi duenez, «hainbat diziplina uztartu» dituzte. Hala ere, hitzek aparteko garrantzia izango dute, entzule bakoitza bere istorioan sartuko baitute. Hori horrela, Egañaren bertso eta idatziek osatzen dute ikuskizunaren «bizkarrezurra».

Goi-mailako musika eta «teknikoki errazagoa» dena nahastu dituzte hiru sortzaileek, eta ondorioz, «entzumenerako gozagarria» den konbinazioa sortu dute. Abestiak aukeratzeko orduan, Egañaren ikuspegia oinarrizkoa izan dela azpimarratu dute musikagileek: «Pianoaren mundutik kanpo dagoen begirada batek oreka lortzen lagundu digu». Bertsolariak nabarmendu du, bestalde, «ezjakintasunaren abantaila» besterik ez dela hori. Horretaz gain, saioa berezia dela nabarmendu dute: batetik, bi piano oholtza berean izatea «ezohikoa» delako, eta bestetik, Egaña bertsolari soilaren roletik kanpo ariko delako.

Erronken berezko xarma

Aspaldi ezagutu zuten elkar bi piano-jotzaileek: 17 urterekin, bizitzako bidegurutze berean, gutxi gorabehera. Hala ere, ibilbide ezberdinak hartu zituzten. Pianoak berak eta musikak batu ditu berriz. Urte askoan elkarrengandik urrun ibili diren hiru artista elkartu ditu 'Eta zer... gehiago?' saioak, eta horrek ere islatzen du bidegurutzeen konplexutasuna. Erronka handienetan dago bizitzaren berezko xarma. Egañak nabarmendu duen moduan, «ez dakigu zer pasako den hemendik bost urtera, ezta bideak zein itxura hartuko duen ere».

Emanaldiaren izaerari dagokionez, saio «sakona» egituratu dutela adierazi dute. Heriotza bezalako gai hezurtsuak landuko dituzte. Ikuskizunaren inguruan dena kontatu ezin duten arren, saioaren amaieran euren buruei «pailazoarena egiteko tartea» emango dietela azpimarratu dute. Bergaran eta Hondarribian egin dituzte emanaldiak, eta adierazi dute bi ikuskizunekin «oso gustura» gelditu direla. Ekainak 28ko hitzordurako gogotsu agertu dira musikariak.