Hiriko istorio txikiek irabazi dute Hamaika Entzuteko IV. irrati-piezen lehiaketa

Saridunak, joan den ostegunean./DONOSTIA KULTURA
Saridunak, joan den ostegunean. / DONOSTIA KULTURA

Maider Segurola eta Lander Eizagirre kazetariek aurkeztutako 'Hiriko oihartzunak' nagusitu da Casares Irratiak eta Donostia Kulturak antolatutako lehiaketan

Irrati-pieza labur eta originalen ekoizpena eta hedapena sustatzeko sortu zuten Casares Irratiak eta Donostia Kulturak 'Hamaika Entzuteko!' irrati-piezen lehiaketa. Izan ere, 1991ean irrati-tailer gisa jaio zen irratia bera, Donostia Kulturaren sarearen baitan diharduen Casares-Tomasene Kultur Etxeko jardueretako bat dena, beti egin izan du sormenaren eta berrikuntzaren aldeko apustu argia.

Laugarren edizioari dagozkion sariak aste honetan eman dira Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Pieza irabazlea zein aipamen bereziak lortu dituzten lanak entzutea besterik ez dago lehiaketak lortu duen maila eta irratiak eskaintzen dituen aukerak berresteko.

Oinarriek finkatu bezala, «originaltasuna, sormena eta interesa» kontuan harturik, Maider Segurola eta Lander Eizagirre kazetarien 'Hiriko oihartzunak' lanak irabazi du sari nagusia. Berri 'handi' eta 'garrantzitsuen' aldean hiriko istorio txikiak hobesten dituen lanaren egileek jasoko dituzte hortaz 800 euroak.

Epaimahaiaren ustez, gehienezko muga den bost minutuetara iristeko segundo bat falta zaion lana izan da onena deialdira aurkeztutako 29 piezen artean. «Pieza originala da, lehiaketaren filosofiarekin guztiz bat egiten duena. Gauza txikiak kontatzen ditu, baina beti interesgarriak, ezezagunak, gertukoak, eta bata bestearekin oso ongi josiak. Pieza entzutearekin batera bidaiatu egiten dugu, puntu batetik bestera eramaten gaitu».

Epaimahaiak, sari nagusiaz gain, bi aipamen berezi egin ditu, eta 300na euroz saritu. Iñaki Beraetxek aurkeztutako 'Soundtrack: soinubanda eta poesia' lanagari eman diote bat, eta bestea Jon Obeso, Jose Luis Padrón, Ekain Pérez, Maider Gorostegi eta Joserra Senperenari, 'Metzger e Hijo' lanari.

Beraetxeren lanari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu du fikziozko irratsaio honek proposatzen duen soinuen eta poesiaren arteko jokoa «benetan ederra eta originala» dela. Paddy Rekalde bilbotarraren '60 urteko gaua nahikoa zirraragarria berez, baina entzun egin behar da Beraetxek aurkeztu duen moduan. Esan bezala, existitzen ez den saio baten lagina da, baina existituko balitz ere izango lituzte jarraitzaileak seguruenik.

'Metzger e Hijo' piezak ere jaso du aipamen berez bat. Gainerako biak ez bezala, gaztelaniaz egina da. Izan ere, euskarazko zein gaztelaniazko piezak aurkez daitezke. Epaimahaiaren esanean, «maila tekniko handiko lana da, eta ekoizpen bikainekoa; istorioan oso erraz sarrarazten gaituena. Primeran irudikatzen dira zereal-soroak, eta sentitu egiten da giro itogarria». Askoren arteko lan honetan  Jon Obeso Ruiz de Gordoak idatzi du gidoia, zuzendari artistikoa Jose Luis Padrón Plazaola izan da, ahotsak Ekain Perez Rezolak eta Maider Gorostegi Alirik jarri dituzte, eta musika Joserra Senperena Anabitarterena da.

Gehiago nahi izanez gero, iazko lan sarituak hemen entzun daitezke.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos