(H)ilbeltza nobela beltzaren astea urtarrilaren 14tik 20ra egingo dute

Itxaro Borda idazlea, artxiboko irudian/Jose Usoz
Itxaro Borda idazlea, artxiboko irudian / Jose Usoz

Besteak beste, Baztango jaialdian hartuko dute parte Itxaro Borda, Edorta Jimenez eta Xabier Olarrak

Baztanen egingo dute, urtero bezala, (H)ilbeltza jaialdia, eta antolatzaileek iragarri dutenez, Itxaro Borda, Edorta Jimenez eta Xabier Olarrak hartuko dute parte, besteak beste. Euskal nobela beltzaren jaialdia urtarrilaren 14an hasi eta 20an amaituko da.

Lau egunez, nobela beltzaren inguruko zenbait eztabaidari helduko diote. Adibidez, jaialdiaren lehen egunean, hilaren 14an, Arizkungo Medikuaren etxean, Xabier Olarra itzultzailearekin Dashiell Hammett idazlearen 'Uzta gorria' liburuaren inguruan ariko dira solasean, 19:30ean.

Asteleheneko solasaldi horren ondoren, asteazkenean, hilak 16, Anizko Mendiarte elkartean Koldo Izagirre idazlea izango da, 'Jurgi kapitaina, Xabier Gereñoren doblea' hizketaldia egiten. Arratsaldeko 19:00etan izango da saioa.

Zinema eta paisaia

Ostiralean, urtarrilaren 18an, 19:00etan baita ere, zinema eta literaturaren inguruan jardungo dira Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, Gotzon Agotek egingo duen 'Hemingway ere beltza zen' hizketaldiarekin. Hurrengo egunean, bestalde, mahai ingurua egingo dute Itxaro Borda eta Edorta Jimenez idazleek, hausnartzeko nobela beltzetan egiten den hiria eta landa eremuen trataeraren inguruan. Moderatzaile lanetan Ana Galarraga ariko da, goizeko 11:00etatik aurrera.

Astebururako prestatutako jarduerak larunbateko 14:00etan hasiko dira, Erratzuko Etxeleberte elkartean egingo duten bazkariarekin. Gero, arratsaldeko 17:00etan hiru libururen aurkezpenak egingo dituzte: Miel A. Elustondok (H)ilbeltza bekarekin sortutako 'Kezko bola batek itoak birikak', Edorta Jimenezen 'Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua' eta Xabier Etxeberriaren 'Berriro itzuliko balitz', hain zuzen.

Azkenik, larunbata amaitzeko, 'Susmagarrien gaua' delakoa egingo dute Erratzun barna. Igande goizez ekingo diote (H)ilbeltzaren azken egunari. Arraiozko plazatik abiatuko den 'itzuli beltza' egiteko.

Arratsalde horretan, hilaren 20an, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean irakurketa girotua egingo dute, 'Chandlerren alde… edo kontra', Jon Alonsoren testuak baliatuta. Mairu antzerki taldeko lagunek eta (H)ilbeltzakideek hartuko dute parte, 19:0 0etatik aurrera.

Temas

Euskera