«Hemendik aurrera nahiko nuke heldutasun etapa batean sartu, eta onena eman hurrengo urteetan»
'17 segundo' poema liburuarekin «mugarri bat» jarri ostean, prest dago ziklo berri baterako, «ausartago eta askeago»
Durangoko Azokan zein Donostian, Bilbon eta jaioterrian, Ondarroan, egindako zuzeneko aurkezpenetan '17 segundo' (Susa) poemarioari aurreneko bultzada eman ondoren, New Yorkera itzulia edo itzultzekoa da Kirmen Uribe (1970), irakurleen esku 17 urtez ondutako 90 poema utzita. «Behin hasieran indarra emanda, bere bideari jarraituko dio liburuak», dio 2001eko 'Bitartean heldu eskutik'-ekin ireki zuen poesiaren bidera berriro ekarri duen lanaz.
Publicidad
– '17 segundo'-ri buruz mintzatu zaren bakoitzean nabarmendu duzu oso garrantzitsua dela zuretzat.
– Bai, mugarri bat da, beste hasiera bat balitz bezala. Nik uste dut ikusiko dela hori denborarekin.
– Ziklo baten hasiera dela diozu. 50 urte betetzear zauden honetan, aurreko zikloaren itxieratik ere izango du zer edo zer.
– Badago aurrera begirada nabarmena, baina atzera begiratu bat ere bada, jakina. Beharrezkoa nuen begiratzea nondik natorren, zer izan den garrantzitsua nire bizitzan edo gure belaunaldiaren bizitzan, eta hor ikusten dut jende asko islatuta, ez bakarrik neu. Oraingo hau da garai bat non, Mark Strandek esan zuen bezala, bizitzaren erdia edo gehiago pasatuta hasten zara gogoeta egiten, eta ikusten dituzu une gozoak eta gaziak; galdutako lagunak; izandako esperientziak; pozak eta desengainuak; umeak; gurasoak zahartzen, hiltzen ere bai... Bizitza bete-betean azaltzen zaizu, ez bakarrik gaztetan, indartsu zaudenean eta dena posible dela uste duzunean, ikusten duzun aldea. Baina, gauzak beste era batera ikusten badira ere, ilusioa bera da. Ni behintzat gaztetako ilusio berarekin nabil idazten, eta uste dut oraindik emateko daukadala nire onena.
«Liburuaren atzean badago kontakizun bat erdi ezabatua, lainoak estalita bezala»
«New Yorkek duen abangoardiarako joerak animatu nau bilaketara, nire burua aurkitzera»
– Liburua bete-betean egokitzen zaio zure bizitzaren une zehatz honi, baina bildu dituzun poemak garai eta aldarte desberdinetan idatziak dira, 2002tik 2019ra. Bat-etortze hori planifikatua da, edo horrela suertatu da?
– Urtetako lan handia dago liburu honen atzean. Era organiko batean hazi dela esango nuke. Poemak egiten joan naiz, bata bestearen atzetik, sekula ez baitiot poesia egiteari utzi nahiz eta tartean nobelak idatzi. Ikusi nuen poema asko zeudela, eta horietako batzuk bere bizia hartzen ari zirela sareetan-eta... Nire ibilbideari begiratuta ere iruditu zitzaidan garai aproposa zela hiru nobelaren ostean beste poema liburu bat argitaratzeko, poesiara itzultzeko eta beste ziklo bat hasteko.
Publicidad
– Liburuaren egitura ere bada kontatu nahi duzunaren zati? Argi zeneukan nola atondu nahi zenituen 17 urteren buruan idatzitako poema askotariko horiek?
– Oso argi neukan liburua nolakoa izango zen. Asko jokatu dut tentsioarekin eta emozioarekin. Hasten da oso astiro, haurtzaro eta gaztaroko poemekin. Ez da haurtzaro ederra. Hor dago ume bat ez duena hitz asko egiten eskolan, bakartia, emakumeen babesa bilatzen duena... Badago munduarekiko ezin ulertu bat, liburu osoan zehar eta nire bizitza osoan zehar agertzen dena. Munduan nire burua ezin kokatu horrek sortzen dit idazteko gogoa. Ulertu nahi dut mundua, kokatu nahi dut nire burua, baina ez dut lortzen sekula. Bilaketa hori da azken batean liburua, eta ni jokatzen noa intentsitate emozional handiko poemekin eta bareagoak direnekin. Badaude poema tristeak, goibelak ere bai, baina uste dut bukaera nahiko argia dela.
– Zerk du pisu handiagoa, iraganak edo orainalditzat jo ditzakegun azken urteak?
– Berriz bisitatu nahi izan ditut haurtzaroko paisaiak, baina batez ere oraingoak hartzen du pisu handia, eta badago, halaber, leiho bat zabalduta etorkizunari.
Publicidad
– Garai desberdinetako bizipenez gain, euskara eta forma diferenteak nahastu dituzu.
– Euskarari dagokionez, euskararen bilakaera ekarri nahi izan dut liburura. Gure amonak zeukan herriko euskara hori, lehenengo entzun nuena, nire lehen mintzoa, barru-barruan daukadana; gero, gerraostean izan zuen leku-galtzearen ondorioz kalitatearen aldetik pobretu zena; ondoren, euskara batua... Hondoko geruza horretako euskara atera nahi izan dut, eta euskara jasoa ere bai, batua. Jolasak egin ditut hizkuntzarekin, gustatzen zait erregistro desberdinak erabiltzea. Formei dagokienez ere gustatzen zait nire burua bultzatzea, forma berrietan trebatzea. Bertan goxo egotea ez dut gogoko, poeta ezin baita eroso sentitu bere poesia idazteko moduarekin. Horregatik nire burua bultzatu dut bertsoak, tankak edo haikuak idaztera, edo prosa gisakoak sortzera. Irakurleak izan dezala sentsazioa askotariko poemak daudela liburuan, bai gaiei eta bai formari dagokienez ere.
– Askotarikoak dira, baina antzematen da denak elkarren artean lotzen dituen hari tinko bat. Behin zure eleberri bati buruz esan zuten poeta baten nobela zela. '17 segundo' izan daiteke nobelagile baten poemarioa?
Publicidad
– Liburuaren atzean badago narrazio bat, bai. Caravaggioren koadroetan bezala, ilun bat dago, baina ilun horretatik ateratzen dira irudiak. Liburuan ere badago ilun bat, badago narrazio bat ikusten ez dena. Nobela izateko gehiago kontatu beharko litzateke. Hemen dago kontakizun hori erdi ezabatua, lainoak estalita bezala, eta zati batzuk erakusten dira bakarrik.
– Gauzak esplikatu ere egiten dituzu, 'Poesia eta hutsunea' atalean batik bat.
– Atal horretan azaldu nahi izan dudana da poesiak zer duen inguruan, poema bat nondik sortzen den. Liburuaren inguruan dagoen hori guztia –gogoetak, apunteak, zirriborroak, bertsioak...– ere ekarri nahi izan dut. Zergatik ez erakutsi poetak lana egiten duela, poema bat ez dela sortzen bat-batean? Zergatik ez batu hitzaurrea eta hitzatzea, eta erdian jarri? Uste dut espiritu hori, emandako arauak zalantzan jartzeko joera, areagotu egin zaidala azken urtean New Yorken, eta alde horretatik ausartagoa azaltzen naizela liburu honetan. Poema asko dira askapen horretatik sortuak.
Publicidad
– Distantziak laguntzen du askeago sentitzen?
– Beste norbait izateak beste toki batean laguntzen du, eta New York hiriak berak duen abangoardiarako joerak ere animatu nau bilaketara, eta nire burua aurkitzera. Hemendik aurrera nahiko nuke aurkitutakoa aurkeztu eta urrats bat aurrerago egin, heldutasun etapa batean sartu eta onena eman hurrengo urteetan.
– New Yorken, momentuz.
– New Yorkekoa etapa bat da, ez dugu nahi erabat aingura Euskal Herritik atera. Egonaldia luzatu egingo dugu, eta momentuz han jarraituko dugu, baina ez betiko. Nobela han bukatu nahi dut, eskolak ere emango ditut tarteka, nahiz eta nire helburua ez den irakasle izatea, nire idazletzan urratsak aurrera ematea baizik, ikasten eta bilatzen jarraitzea.
Noticia Patrocinada
– Urrats berri horiek igarriko dira esku artean duzun nobelan, edo aurrekoen bidetik joango da?
– Bai, egongo d ira aldaketak, nabarituko da hor ere lana, bilaketa eta bilakaera.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión