Nik ezin dezaket esan I have a Dream, horrela, hitz larriz, munduko ametsik ederrena neurea balitz bezala. Ez. Nola ba. Ez naiz hain gizaseme itzaltsua. Baina egia da, halaber, Altzetara sartzeko ez dela pasahitzik behar, ez duela inon jartzen jabego pribatua debekatua sarrera kontuz zakur arriskutsua ez ukitu hiltzeko arriskua edo halako ostisanturik ezer. Libre da sartzea, Txillida-lekura ez bezala. Baina adi, visitante: lorategi infinitu honetan ehiza debekatua dago, ezin da amuarrainik hil, maitatu egin behar dira xaguak eta kattagorriak ezin dira erbesteratu, eurak aske izateko kaiolara sartzen bazaizkit ere. Bidea besoz-beso irekita dago, harriek goroldioa mugitzen didate, eta asfalto gutti dago hemen, todouno pittintxo bat baino ez. Gurdibidea zen lehen, ni beste kontinente bat izan aurretik, esan nahi baita gizaldi liluragarriago batean. Dream: gustuko dut hitza, ez nuen oraino entzun, eta uste dut ez dakidala ongi zer esan nahi duen. Esan nahi baldin badu askatasuna, harmonia, memoria, arbolaren baten izena, euria edo elurra, bakea, liluramendua, lurraren txantxarra..., neu konforme. Horixe da-eta nire ametsa. Ekarri papera eta idazluma eta sinatuko dizut nahi duzun arterian. Beste zerbait baldin bada, Dream, badakizu, ogena, bekatua, zatarra, asasinoa, zorigaitza demagun, orduan eskopetarekin joko nizkizuke bi tiro kopetaren erdian eta lurpean sartuko zintuzket ez betiko eta ustel-ustel egin arte. Gauzak argi dagoz beraz, gero ez etorri niri Jondone Gurutzekoaren letaniarekin negarrez eta salatu egingo zaitut.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión