Haurrentzako liburu grafikoak, bikoteka osatuak

Harkaitz Cano, bere azken nobelarekin, Durangoko Azoka amaitu berrian,/MAIKA SALGUERO
Harkaitz Cano, bere azken nobelarekin, Durangoko Azoka amaitu berrian, / MAIKA SALGUERO

Galtzagorrik eta Iruñeko Udalak hirugarrenez antolatu dute Bikote-Teka lantegia, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonsoren gidaritzapean

Galtzagorri haur eta gazte literaturako elkarteak eta Iruñeko Udalak Biko-Teka haurrentzako liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintzako lantegiaren hirugarren edizioa antolatuko dute elkarlanean 2019ko urtarrilaren 28tik otsailaren 1era. Lantegiaren xede nagusia da haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea, Galtzagorri elkarteak jakinarazi duenez.

Lantegiaren hirugarren edizioak idazle eta ilustratzaileak elkarrekin lanean jarriko ditu berriz ere. Lau egun eta erdiko ikastaro trinkoan, liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute idazle eta ilustratzaileek binaka, Harkaitz Cano idazlearen eta Aitziber Alonso ilustratzailearen gidaritzapean.

Gainera, euskal album ilustratuen argitalpen mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek. Azken egunean, otsailaren 1ean, Mikel Soto Txalapartako editore ohia eta Paxkal Indo ZTK-ko editorea bertaratuko dira Biko-Teka lantegiko parte hartzaileei hitzaldi bana eskaintzera.

Lau egun eta erdiko iraupena izango duen lantegia Iruñeko Descalzos kaleko igogailuaren ondoko udal aretoan egingo da. Zehazki, 37 ordu iraungo ditu, urtarrilaren 28tik otsailaren 1era: 09:00etatik 14:00etara goizez (ordu erdiko atsedenarekin) eta 16:00etatik 19:00etara arratsaldez; azken saioa, otsailaren 1ekoa, goizez bakarrik izango da.

Zortzi bikote

Ilustratzaileek eta idazleek bikoteka parte hartuko dute lantegian, baina interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkez daitezke, bakarka aurkezten direnei bikotea aurkitzen ahaleginduko baita ondoren Galtzagorri elkartea. Guztira, zortzi bikote onartuko dira eta hautatuek formakuntza jasotzeko beka bana eskuratuko dute.

Lantegiaren xede nagusia da haurrentzako euskarazko album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea, bai eta idazle eta ilustratzaileek elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere.

Beharrezko dokumentazioa bidaltzeko azken eguna 2019ko urtarrilaren 14a da: idazleek idazlan labur bat aurkeztu behar dute, ilustratzaileek hiru ilustrazio, eta bikoteek proiektuaren zirriborro bat. Horrez gain, curriculuma eta NANaren kopia bidali behar dute guztiek. Urtero bezala, hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.

2019koa Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan garatuko duen hirugarren Biko-Teka izango da. Hasieratik lantegiaren xede nagusia izan da parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatzea.

Helburu hori erreparatuta, orain arteko bi lantegien arrakasta handia izan da, bi ediziootan abiatutako albumak izan baitira Haurrentzako Etxepare Album Ilustratu Sarian garaile azken bi urteetan: 2017an Paula Estevez eta Ainara Azpiazuren 'Arraroa' albuma gailendu zen, eta 2018an Dani Martiarena eta Ana Ibañezen 'Cosimoren Katiuskak'. Bi albumak Pamiela argitaletxeak argitaratu ditu.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos