Haur literaturako pertsonaiek ere badute tokia Literaktumen

Hau da agian hartzaren bertsiorik ezagunena, zinemak zabaldu duena./
Hau da agian hartzaren bertsiorik ezagunena, zinemak zabaldu duena.

Aurten 60 urte bete dituen Paddington hartzari buruzko erakusketa ireki berri dute Donostiako Aiete Kultur Etxean, jatorrizko marrazkiekin

Londresetik bueltan askok ekartzen dute oroigarri edo opari gisa euritarako kapela daraman hartz baten panpina, urteekin haren itxura aldatuz joan bada ere beti baitago modan Paddington Hartza. Orain, Literaktum jaialdiaren baitan antolatu den erakusketa bati esker, gehiago jakin ahal izango da Londresen irudi izatera iritsi den hartzari buruz, haur literaturako pertsonaiek ere badute-eta tokia Donostian azaroaren 13tik 24ra egingo den jaialdian.

Erakusketa ostiralean inauguratu zen, azaroaren 9an, eta 2019ko otsaila arte izango da ikusgai Aiete Kultur Etxean. Ordutegi zabala du Aieteko parke ederrean kokatutako kultur etxeak. Astelehenetan eta jai egunetan izan ezik, egunero dago zabalik, baita igandeetan ere, eta larunbatetan du, gaunera, ordutegirik luzeena. Asteartetik ostiralera 16:30etik 20:00etara dago zabalik; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara; igandeetan berriz, goizez bisita daiteke, 10:00etatik 14:00etara.

Paddington Hartzak baditu ia urte batzuk: 60. Izan ere, 1958an argitaratu zen estreinakoz 'A Bear Called Paddington' liburua, Michael Bondek idatzia, eta handik aurrera egile beraren beste hainbat liburutan azaldu zen. Mundu osoan egin zen ezaguna, eta zinemara jauzi egiteak handitu egin zuen Erresuma Batura Perutik iritsitako hartz txikiaren fama.

Zeren eta hori da Paddingtonen historia: batek daki nola, Andeetako hartzen barietaterik arraroenetako batekoa behar duen Paddington Perutik iristen da Londresko Paddington tren-geltokira, eta han aurkitzen du Brown sendia. Jatorrizko izena oso konplikatua zenez, hartz bidaiariak aurkitu zuten tokikoa hartuko du. Esan beharrik ez dago hartz txikiak erabat aldatu zuela familiaren bizimodua, eta horretan datzala haren abenduren xarma.

Aurreneko liburuetan azaltzen den hartzak ez du zerikusi handirik zinemak ezagun egin duenarekin. Lehen Paddington hura Peggy Fortnum ilustratzaileak itxuratu zuen, eta hain zuzen ere haren ilustrazioak daude ikusgai izango dira Aieteko erakusketan, bai eta Londresko Paddington inguruko beste hainbat elementu ere.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos