Hastera doa Dock of the Bay jaialdia

'Basahaideak' filmeko fotograma/
'Basahaideak' filmeko fotograma

Emakumeen ekarpena nabarmenduko du jaialdiak. Besteak beste, euskal rockean aurreneko emakumeetakoa izan zen Lou Olanguari buruzko filma aurkeztuko da urtarrilaren 7tik 12ra Donostian egingo den jaialdiaren Sail Ofizialean

Astelehenean hasiko da Donostiako musika dokumentalen jaialdia, eta larunbatera arte, musika eta ikus-entzunezkoekin erlazionatutako hamaika proposamen izango dituzte eskura bertaratutakoek. Bi dokumentalek irekiko dute jaialdia Trueba zinema aretoan: Jamaikako eta Britainia Handiako gazte kulturaren amodio historiari buruzko 'Rude Boys: a story of Trojan Records' filma, eta Zuberoako paisaiak, kultura eta abestiak protagonista dituen 'Basahaideak' euskal ekoizpena.

Trueba zinema izango da astean zehar burutuko diren proiekzioen egoitza, eta astelehen arratsaldetik ostiral gauera, Sail Ofizialeko pelikulak eta nazioarteko dokumental esanguratsuenak jasotzen dituen 'Perfect Day' filmen bilduma eskainiko ditu.

Orotariko publikoari zuzendutako hamar filmeko egitaraua prestatu dute, herrialde, estilo eta musika-genero anitzeko filmez osatutakoa: flamenko, pop, rock, jazz eta punk, besteak beste. Jaialdiari amaiera emateko, bost emanaldiko saioa burutuko da larunbatean, urtarrilaren 12an, Antzoki Zaharrean.

Generoa, gorputza eta zinema

Asteleheneko bi pelikulen ostean, Milford Graves perkusio-jotzailearen jazza eta Sonic Youth taldearen rock musika erakutsiko dituzte 'Milford Graves: Full Mantis' eta 'Hello Hello Hello: Lee Ranaldo: Electric Trim' dokumentalekin. Asteazkenean, Sail Ofizialeko bigarren euskal filma izango da ikusgai. 'Lou' filmak emakumeek 80ko hamarkadan Euskadiko eszenatokietan hartu zuten lekuari buruzko hausnarketa egiten du . Eta egun berean, generoa, gorputza eta bere irudikapena ausardiaz erretratatzen dituen 'Bixa Travesti' film brasildarra aurkeztuko da.

Los Fiambres punk taldea eta Nacho Vegas kantautorea ostegun arratsaldean ikusi ahal izango dira 'Cantares de una Revolución' eta 'La Estrella Errante' dokumentaleetan, eta ostiralean flamenkoaren eta Mallorcako eta Galiziako musikaren txanda iritsiko da: 'Els ulls s'aturen de créixer' filmak Miquel Serra musikaria izango du protagonista, eta 'Camarón: flamenco y revolución' pelikulak flamenkoaren artista mitikoaren erretratua eskainiko du.

Larunbatean, Antzoki Zaharrean bost dokumental aurkeztu dira goizez eta arratsaldez amaiera ekitaldia burutzeko. Fernando Truebak zuzendutako 'Mientras el cuerpo aguante', Chicho Sánchez Ferlosio abeslari anarkistaren ingurukoa; mutilek osatutako musika taldeen jarraitzaile diren gaztetxoei buruzko 'I Used to be Normal: A Boyband Fangirl Story'; Michael Caine aktoreak erakutsitako 60ko hamarkadako Londres hiriaren inguruko 'My Generation'; M.I.A. abeslariaren jatorria deskribatzen duen 'Matangi, Maya, M.I.A.'; eta Studio 54 dantzalekua gertutik aurkezten duen dokumentala eta jaialdiko azken filma.

Temas

Euskera