Hasiera biribila izan dute Edinburgoko Fringe jaialdian

'Atlantik 1050' euskal eta eskoziar dantza tradizionalen ikuskizuna/Etxepare
'Atlantik 1050' euskal eta eskoziar dantza tradizionalen ikuskizuna / Etxepare

Scotland Goes Basque ekimena arte eszeniko, literatura eta arte diziplina anitzek osatzen dute. Besteak beste, erakutsi dute 'Atlantik 1050' euskal eta eskoziar dantza tradizionalen ikuskizuna

DVDonostia

Euskal sortzaileak ari dira euskal sorkuntzaren lagin bat Edinburgon erakusten. Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Scotland Goes Basque ekimena arte eszeniko, literatura eta arte diziplina anitzek osatzen dute. Edinburgh Festival Fringe arte eszenikoen jaialdiaren egitaraua egungo euskal kulturgintzara begiratzeko leihoa izango da.

Asteazkenean, hilak 7, izan zen estreinakoz Tio Teronen Semeen 'FreshCool' ikuskizuna, Edinburgoko udalaren alboan dagoen Royal Mile Mercat Stage eszenatokian eta egunero emanaldi bana eman ostean, gaur dute azken saioa, arratsaldez.

Ostegunean, hilak 8, ekin zieten Dance Basen aritzeari Basque Showcase delakoa osatzen duten Proyecto Colectivo HQPC, Akira Yoshida eta Krego-Martín Danzak. Horietaz gain, erakutsi dute 'Atlantik 1050' euskal eta eskoziar dantza tradizionalen ikuskizuna, eta egunero ikusgai dago 2Theatreren 'Interbeing: Stories From a Current War'.

Larunbat honetan, Edinburgh International Book Festival jaialdia hastearekin batera, Iban Zalduak 'Txekhov vs. Shakespeare' egitasmoan sortutako gutun-bilduma biltzen duen liburua aurkeztuko du James Robertson idazle eskoziarrarekin batera, Garden Theatren, eta Harkaitz Canok bere Twist nobelaren inguruan hitz egingo du Jumoke Verissimo poeta nigeriarrarekin, Book Festival-en Writer's Retreat gunean.

Halaber, igandean eta datorren astean zehar, Book Festivalen ariko dira Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte idazleak eta Joseba Etxegoien musikaria. Azken orduko ezustekoa tarteko Eñaut Elorrietak ez du parte hartzerik izango.

Eszenatoki ugari

Edinburgon da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua, Etxepare Institutuko zuzendari Irene Larrazarekin batera, Fringe eta Book Festivalen baitan aurkeztuko dituzten ekimenak bertatik bertara ezagutzeko.

Aipatu bezala, asteazkenean izan zen Tio Teronen Semeen lehenbiziko emanaldia, Royal Mile-en. Royal Mile Edinburgoko alde zaharreko kale nagusia da eta egunotan Fringe jaialdiaren erdigunea: kalean zehar jarritako hainbat eszenatokietan uneoro ikus daitezke denetariko ikuskizunak.

FreshCool ikuskizunak biltzen ditu, esaterako, txalaparta, txistua, aurreskua eta euskal dantzatatik eratorritako pauso ugari eta baita bertsoak, pop eta rock musika ere.

Osagai horiek guztiak ikuskizunaren ezaugarri nagusien zerbitzura daude: umorea, energia eta ondo pasatzeko gogoa, alegia; horiek jendeari helarazteko Euskal Herrian, Edinburgon edo beste edozein tokitan ulertzen den lengoaia unibertsala darabilte Tio Teronen Semeek eta horrek eragina du publikoaren erantzunean. Hartara, ikuskizunaren amaieran txalo zaparrada, argazkiak eta galdera bat baino gehiago izaten dira, musika instrumentuen eta pausoen jatorriaren inguruan, ikusi eta entzundakoak bertaratutakoen jakin-mina piztu duenaren erakusgarri.

Askotariko proiektuak

Ostegun eguerdian, berriz, Basque Showcase estreinatu zen Dance Base Eskoziako Dantza Zentro Nazionalean. Zentroko lan edo entsegu areto guztietan daude emanaldiak.

Proyecto Colectivo HQPCk Janice Parker eskoziar koreografoarekin elkarlanean moldatu duen 'Habrá que ponerse cachas' proposamena lan kolaboratiboa da, partaide bakoitzak esku hartu du bai hausnarketa prozesuan eta baita sorkuntza-lanean ere; zeharkako lan honek ezaugarri du lengoaia nahiz gorputz-adierazpide aniztasuna eta nahasteak, algara eta, batez ere, elkarrekin ikusle oro islatuta sentituko den pieza sortzea izan dute helburu Maylis Arrabitek, Ebi Soriak eta Xabier Madinak.

Ondoren, Akira Yoshidak 'Home', bere bakarkako lanean bere burua eroso sentitzen deneko gune horretarako itzulera-bidaiari ekiten dio, edo behar bada ez; Akirak dantza garaikidea eta breakdance-a uztartuz bere adierazpide propioa garatu du eta hori baliatuta desio-, frustrazio- eta eraldaketa-esperientzia sakon eta pertsonala bizi eta partekatzen du ikusleekin.

Emanaldiaren azken atala da Krego-Martin Danzaren '(Non) Comfort Zone' ikuskizuna; horretan Maria Martín eta Judit Ruizek jendartean eta zaurigarri, ia biluzik, egoera ezerosoan sentitzen denaren ezinegona helarazi nahi diete ikusleei eta horri gainjartzeko estrategiak arakatzen dituzte. Basque Showcase igandera arte izango da ikusgai Dance Basen.

Halaber, abuztuaren 25era arte, 2Theatre konpainia 'Interbeing: Stories From a Current War' eszenaratzen ari da Assembly Rooms-en. Ia hutsik dagoen eszenatoki batean, antzerki fisikoan oinarritutako lan hau Ukrainia ekialdeko gerra egoera kontatzen duen proposamena da, zuzeneko musika eta soinu efektuez lagunduta.

Berariaz sortutako musika, antzezle ukrainarrak, handik ekarritako objektuak zein argazkiak eta kutsu autobiografikodun testigantzak lagungarriak gertatzen dira giza gatazkaren erroen inguruko kontakizuna publikoari helarazteko.

Temas

Euskera