Harri Beltza hiesaren aurkako elkarteak Udako XXIII. kontzertua iragarri du

KUP Taldea osatzen duten hainbat kide. /Harribeltza.eus
KUP Taldea osatzen duten hainbat kide. / Harribeltza.eus

KUP Taldea abesbatza izango da protagonista uztailaren 31n, 19:30etan, Oiartzungo Done Eztebe Parrokian

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Hiesaren aurkako Harri Beltza elkarteak, urtero bezala, Udako Kontzertua iragarri du. Oiartzungo Done Eztebe Parrokian izango da aurtengo emanaldia, uztailaren 31n, asteazkena, 19:30etan.

KUP Taldea izango da aurtengo emanaldiaren arduraduna. 2003an Gabriel Baltés abesbatza zuzendariak sustatu eta gidatutako proiektua da. Ordutik, hainbat sarik taldeak egindako lanaren kalitatea berretsi du; esaterako, 2008 urtean Tolosan lortutako 3. saria, musika folklorikoaren atalean. Baita 2009 urtean Maribor-en eman zieten zuzendari onenaren saria, bertan egindako Handl Gallus-en 'Elisabethae vero implementum' obraren interpretazioagatik.

Harri Beltza elkartea

Oiartzunen (Gipuzkoan) dagoen elkarte bat da. Birusaren gaineko informazioa eta heziketa zabaldu nahi ditu transmisio eta prebentzio arloetan, jarrera ez bereizkorrekin. Era berean, birusak kaltetutako jendearen eta etxekoen behar emozionalei erantzuna ematen saiatzen da.

1994 urtean oiartzuar talde batek hiesak eragindako egoeraz kezkatua eta horri erantzun bat eman nahian egindako elkartzearen emaitza da. Osakidetzak bideratu ezin zuen osasun alderdi bat nabarmentzen ari zen seropositibo eta hiesdunen artean: alderdi psikologiko eta emozionala.

Gainera, hiesa zabal ez zedin egin beharreko prebentzio lan serio baten faltak ere eraman zien elkartea osatzera. Horrela, asmo horiek buruetan eta bihotzak bero Oiartzungo udaletxera jo eta hark berehala bat egin zuen taldearekin.

Harri Beltza taldeak bere motorrak piztu zituen seropositiboen egoera psikologikoa eta emozionala bideratzeko eta gure herritarrak eta hiesaren artean muga sendoak eraikitzeko.