'Harria Hitz' bisita gidatua antolatu dute maiatzaren 4ean Usurbilen

José Luis Zumetaren murala, Usurbil. /Usurbil.eus
José Luis Zumetaren murala, Usurbil. / Usurbil.eus

Ismael Manterola EHUko Artearen Historiako irakaslearekin herriko elementuek 60ko hamarkadako euskarazko eztanda kulturala nola islatzen duten aztertuko dute

EL DIARIO VASCO

Maiatzaren 4ean, Ismael Manterola EHUko Artearen Historiako irakasleak gidaturiko bisita egingo dute Usurbilen, bertan diren elementu arkitektonikoek 60 hamarkadan bizitako euskarazko kulturaren eztanda nola islatzen duten aztertzeko xedearekin.

Euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da Usurbil, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutako herria ere. Inon baino hobeto islatzen da 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztanda, eta baita eztanda horren ondorena ere.

'Harria hitz' ibilbideak, herrigunean ikus daitezkeen zenbait elementuren bitartez —Dema Plaza, Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura, Jose Luis Zumetaren murala, Mikel Laboa Plaza, Alejandro Tapiaren murala, Askatasuna Plaza, Sagardoaren Monumentua—, Usurbilek euskal kultura garaikidearen susperraldian jokatutako papera ezagutaraztea du helburu.

Ismael Manterola Ispizua —Zumaia, 1966— Artearen Historiako irakaslea da EHUko Arte Ederren Fakultatean. 2006an publikatutako 'Hermes y los pintores vascos de su tiempo' tesiarekin lortu zuen doktoregoa, eta egun irakaskuntza eta ikerketa komunikabideekin kolaborazioan uztartzen ditu. BERRIA egunkariko arte kritikaria izan da eta erakusketa ezberdinak komisariatu ditu. Bere ikerketa ildo nagusiak euskal arte moderno eta garaikidearen inguruan biltzen dira.

EGITARAUA:

10:00 Usurbilgo frontoian elkartu

10:05 Bisita gidatua

11:00 Amaiera

Azalpen guztiak euskaraz izango dira. Sarrerak doan izan arren, parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa da 688 818 017 telefono zenbakira deituz edo info@kultour.pro helbide elektronikora idatziz —25 pertsonentzako lekua egongo da soilik—.