Harkaitz Canoren ipuin-antologia, Irati Jimenezek prestatua

Harkaitz Cano, aurkezpenean/Mónica Rivero
Harkaitz Cano, aurkezpenean / Mónica Rivero

Txalaparta etxeak 'Mecanografiak' plazaratu du, Canoren 28 narrazio dakartzana, askotarikoak eta garai ezberdinetakoak

FELIX IBARGUTXI

Harkaitz Canoren ipuin-antologia plazaratu du Txalaparta etxeak. Idazle honek 1995az gero han eta hemen publikatutako ipuinak hautatu ditu Irati Jimenez apailatzaileak. Guztitra 28 narrazio dira, horietako batzuk Euskadi Irratian irakurritakoak, edo zenbait egunkaritan plazaratutakoak. Hautatzaile eta hitzaurregileari 'Argentinar lotsatia' izan da gehien gustatutakoa. Cano, berriz, eskertuta agertu da, bai Irati Jimenezekin bai Mikel Soto editorearekin.

«Literatura asko gustatzen zaion idazlea da Harkaitz Cano, eta antologia hau irakurtzen duen irakurlea dibertitu egingo da, besteak beste literatura jolastia delako Harkaitzena», adierazi du Irati Jimenezek liburuaren aurkezpenean. Ez omen da kutsu akademikoko antologia, «intuizioz, bulkadaz eta apetaz» aukeratutako narrazioak sartu dira azkenean argitalpenean.

Hain zuzen ere 'Argentinar lotsatia' ipuinak ematen dio hasiera bildumari. Parisen, aspaldi desagertutako errefuxiatu argentinar baten semeak aitaren oroitzapenak agertzen dira bertan, eta Canok Julio Cortazar idazlea ere ekartzen du istoriora. «Horregatik maite dut horrenbeste ipuin hori. Harkaitz Canoren literaturak behin eta berriz egiten duen exorzismo magikoa ezin hobeto laburtzen duelako. Zale amorratu baten ausardiarekin, 'fanboy' baten ausardiarekin, idazle unibertsal bat etxekotzen duelako, berea balitz bezala», idatzi du Irati Jimenezek hitzaurrean. Eta aurreraxeago: «Literatura ludikoa, kronopikoa, jolasgarria eta trabestia izan daitekeela frogatu du, behin eta berriz».

Era askotako narrazioak dira. 'Itzal zaunka', adibidez, «Antton Olariagaren marrazkiekin eta Jexuxmai Lopetegiren musikarekin osatutako ipuin grafiko-musikatua, ulu existentzial baten gisara egindako poema» da. 'Cuentos para adultos', berriz, Dora Salazar pintorearekin eta Joserra Senperena musikariarekin autoeditatuta atera zen lehenbizi. Irati Jimenezen aburuz, «lan lizuna eta ezohikoa, surrealismoaren bulkadetan barna abiatzen den punk manifestua».

'Zitagolak', berriz, Athletic Fundazioak eskatuta idatzitakoa da. Futbolaren banitateaz trufatzen hasten da, baina gero oso eremu ezberdinean sartzen da: literaturaren historiako autore goren batzuen gaineko gogoetetara pasatzen da, aipu literario famatuen bildumatzat ere har daitekeelarik. Bada atalez atal egunkari batean azaldutako narrazioa ere, Gara-n plazaratutako 'Izozteko adina' delakoa, hain zuzen.

Ipuin gehien, sei guztira, 2005ean publikatutako 'Neguko zirkua' liburutik hartuak dira. Inoiz publikatu den ipuin-libururik onenetakotzat jotzen du Irati Jimenezek. Testu 'zaharrenak', berriz, 1995eko 'Radiobiografiak' liburukoak. Horiek, berez, Euskadi Irratiko 'Goizean behin' saioann irakurritako biografiak ziren, eta Jimenezek Cesare Pavese, Frédéric Chopin eta Margaret Astorren gaineko aleak ekarri ditu oraingo argitalpen honetara.

Harkaitz Cano honela mintzatu da aurkezpen ekitaldiaan: «Sentsazio laukoitza daukat. Batzuetan errekonozitu egin dut testua. Beste batzuetan gauza batzuez ez nintzen akordatzen eta ziurgabetasuna sentitu dut. Zenbaitetan, hasieratik sentitu dut ziurgabetasuna, behelainoa balego bezala. Eta, inoiz, bi-hiru ipuinetan, ikusi du ez nintzela ezertaz akordatzen. 'Memento' pelikulako protagonista bezala sentitu naiz».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos