Harkaitz Canoren 'Fakirraren ahotsa' saritu du 111 Akademiak

Idazle lasartearrak ekainaren 6an jasoko du saria Amasako Hika txakolindegian/Monica Rivero
Idazle lasartearrak ekainaren 6an jasoko du saria Amasako Hika txakolindegian / Monica Rivero

Harkaitz Canok ez du 2018koa lehenengo 111 Akademiaren Saria; 2011n ere jaso zuen irakurleen saria 'Twist' eleberriagatik

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Akademiakideek Harkaitz Canoren 'Fakirraren ahotsa' eleberria izendatu dute 2018ko libururik gogokoen. Idazle lasartearrak ekainaren 6an jasoko du saria Amasako Hika txakolindegian.

Euskal Herriko literaturazaleen bilgunea da 111 Akademia. Ia 200 irakurlek parte hartzen dute egitasmoan: liburuak irakurri, iruzkinak bidali eta urtero 111 Akademiaren Saria ematen dute. Zehazki, 199 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 102k parte hartu dute 2018ko sariduna izendatzeko 2019ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Txanda guztietan Canoren eleberria izan da bozkatuena, eta Katixa Agirreren 'Amek ez dute' eleberria izan du lehiakide azken bueltan.

Hainbat urtez 111 Akademiaren Sariaren eszenatoki izan den Andoaingo Bastero kulturgunea utzi, eta aurten Amasako Hika txakolindegian ospatuko du elkarteak Harkaitz Canori saria emateko ekitaldia. Hala, eguraldia lagun, bertaratzen direnek paraje paregabeaz gozatzeko aukera izango dute idazleari saria eman eta txakolina dastatu bitartean.

Toki berriak ikuskizun berria ere eskatzen duenez, 111 Akademiako kideak ekitaldi berria diseinatzen ari dira uneotan. Eta hori «patxadaz» egin nahi dutenez, aurten sari-ematea pixka bat atzeratu eta ekainaren 6an egingo dela jakinarazi dute.

Harkaitz Canok ez du 2018koa lehenengo 111 Akademiaren Saria izango. Izan ere, 2011n ere jaso zuen irakurleen saria 'Twist' eleberriagatik. Ur Apalategi, Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoria dira irakurleen sari hau bi aldiz irabazi duten beste idazleak.

Temas

Euskera