Hammettekin hasi, Chandlerrekin amaitu eta, tartean, Xabier Gereño

Xabier Gereño, 2009an, hil baino bi urte lehenago, egindako argazkian. / IGNACIO PÉREZ

Astelehen honetan abiatu da Baztanen datorren igandera arte egitarau bikaina garatuko duen (H)ilbeltza, Nobela Beltzaren Astea

Dashiel Hammetten 'Uzta Gorria' eleberriari buruzko solasarekin abiatuko da astelehen honetan Arizkuneko Medikuaren etxean (H)ilbeltza, Baztango Euskal Nobela Beltzaren astea, literatura mota hori gogoko dutenentzako hitzordu erakargarri bilakatu dena. Bertaratuek Xabier Olarrarrekin partekatuko dute solasa, itzultzaile eta Igela argitaletxeko editoreak ekarri baitzuen euskarara 1996an Igelak berak argitaratutako Hammetten maisulana.

Asteartean atseden hartu ondoren, asteazkenean, urtarrilaren 16an, oso bestelako protagonista izango du saioak. Anizeko mendi elkartean, 19:00etan, Jurgi kapitaina Xabier Gereñoren doblea ote den galdetuko du Koldo Izagirrek. Jurgi Arregi, hain zuzen, 1975ean eraman zuen lehendabizikoz liburu batera Xabier Gereño (Bilbo, 1924-2011) idazleak. 'Hitzaile baten bila' aurreneko nobela hartan itsasontzi bateko kapitaina zen. Hurrengo nobeletan ('Espioitza', 'Gudari bat' eta 'Iruineako asasinatzea') beste ogibide batzuk izango ditu... Edonola ere, euskarazko nobela beltzeko aurreneko pertsonaietakoa da. Liburu horiek denak Armiarma atariak irakur daitezke osorik.

Asteazkenean, berriz, 19:00etan Aniz herriko Mendiarte elkartean Edorta Jimenezen 'Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua' (Txalaparta) eta Xabier Etxeberriaren 'Berriro itzuliko balitz' (Elkar) liburuak aurkeztuko dira.

Ostiralera jauzi eginda, hilaren 18an, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, zinema eta literatura uztartuko dira 19:00etan hasiko den saioan: 'Hemingway ere beltza zen', Gontzal Agoteren eskutik.

Bi idazle eta hizlari bikain elkartuko dira larunbatean, urtarrilak 19, Arizkunenea kultur etxean. 11:00etan hasiko den mahai inguruan, Ana Galarraga moderatzaile dutela, 'Hiria eta landa eremuaren trataera nobela beltzean' gaiaz ariko dira Itxaro Borda eta Edorta Jimenez. Larunbat arratsaldean, nahi dutenek elkarrekin bazkaldu ostean (ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidean eskuratu daitezke txartelak), Txapalarta-(H)ilbeltza beka eskuratu zuen Miel A. Elustondoren 'Kezko bola batek itoak birikak' eleberria aurkeztuko da 17:00ean Erratzuko Etxeleberteko elkartean.

Eguna amaitzeko 'Susmagarrien gaua' egingo da Erratzun barna 19:00etatik aurrera, eta igandean, berriz, 'Itzuli beltza' abiatuko da 11:00etan Arraoizko plazatik.

2019ko (H)ilbeltza igandean amaituko da, urtarrilaren 20an, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Jon Alonsoren testuetan oinarrituta, 'Chandlerren alde... edo kontra' irakurketa girotua egingo da.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos