Hamar emakume aitzindariren biografiak dakartzan liburua

Gaintza eta Uriaren 'Emariak' liburua/
Gaintza eta Uriaren 'Emariak' liburua

Kalaka kooperatibako bi kidek, Ilazki Gaintza eta Nerea Uriak, hamar emakumeren zerrenda egin du, tartean bi euskal herritar: Elbira Zipitria andereñoa eta Josefa Molera kimikaria

Kalaka Kooperatiba Elkarteak 'Emariak' izeneko liburuxka plazaratu du, azpititulu hau daukana: 'Emakumeek Historian zehar egin dituzten ekarpenen bilduma'. Besteak beste, lanean emaitza benetan handiak izandako emakume batzuen biografiak dakartza argitalpenak.

Hau da biografien zerrenda: Melitta Bentz (ekintzailetza), Alexandriako Hipatia (zientzia), Junko Tabei (kirola), Hedy Lamarr (elektronika), Alice Guy (zinema), Miriam Makeba (musika), Elbira Zipitria (hezkuntza), Josefa Molera (kimika), Wangari Maathai (biologia) eta Leona W. Chalmers (sormena). Gainera, badira beste bi atal, bata etxean lan egin duten emakumeei buruz, bestea sufragisten gainekoa. Eta bukaera aldera liburuaren edukiari buruzko ariketa batzuk daude. 32 orrialdeko argitalpena da.

Egileak Kalaka kooperatibako bi kide dira, Ilazki Gaintza eta Nerea Uria. Beraiek egin dute emarien aukeraketa, beraiek testuak eta ilustrazioak. Hau adierazi dute hitzaurrean: «Beharrezkoa iruditu zaigu liburu hau argitaratzea, lehenik eta behin, euskaraz emakume aitzindariez libururik topatu ez dugulako, eta bigarrenik, emakume erreferenteen beharra sumatu dugulako bizitzako arlo guztietan». Eta aurrerago: «Emakumeak emakume izate hutsagatik isilarazi, ezkutatu eta jakituriatik urrundu dituzte, besteak beste. Gizonezkoen esperientziak, bizipenak eta hitzak izan dira munduan zabaldu direnak».

Liburuko aitzindari horien zerrendan bi euskal herritar daude: Elbira Zipitria andereñoa (Zumaia, 1906 – Donostia,1982), Nor Nori Nork sistema didaktikoa asmatu zuena; eta Josefa Molera (Izaba, 1921 – Madril, 2011), Britainia Handian lan egindakoa eta, handik itzulita, han ikusitakoa praktikan jarri eta Espainian egin zen lehen gasen kromatografoaren sortzaileetako bat izan zena.

Zerrendan bada lehen kopa menstruala sortu zuena (Leona W. Chalmers estatubatuarra); abeslari bat (Miriam Makeba hegoafrikarra, 1966an 'Pata Pata' kantua sortu zuena eta appartheidaren ikurra izan zena); eta alpinista bat, duela hiru urte hil zen Junko Tabei japoniarra, 1992an munduko zazpi gailur altuenak zapaldutako lehen emakume bilakatu zena.

Temas

Euskera