'Hamaika entzuteko!' lehiaketaren XI. edizioa, martxan
Gaia guztiz askea da eta edozein motatako pieza izan daiteke: irrati-fikzioa, irrati-kazetaritza, erreportajea, dibulgazioa...
J. A.
Martes, 7 de octubre 2025, 14:24
Irrati-pieza labur eta originalen ekoizpena eta hedapena bultzatzea helburu duen 'Hamaika entzuteko!' lehiaketaren hamaikagarren edizioa martxan da. Azaroaren 19ra arte dago piezak bidaltzeko aukera, dkirratia@donostia.eus helbidean. Aurkeztutako guztietatik irrati-pieza onenaren sariak 800 euro jasoko ditu eta, horretaz gain, euskarazko onenak 600.
Parte-hartzaileek gehienez bost minutuko piezak aurkeztu ahal izango dituzte, gaztelaniaz edo euskaraz. Gaia guztiz askea da eta edozein motatako pieza izan daiteke: irrati-fikzioa, irrati-kazetaritza, erreportajea, dibulgazioa... Aurkeztutako lanaren originaltasuna, sormena eta interesa izango ditu kontuan epaimahaiak.
Donostia Kultura Irratiak parte hartzaileen zerbitzura jarriko ditu bere estudioak eta baliabideak eta aurkezteko irrati-pieza bertan grabatzeko eta editatzeko aukera eskaintzen du, nahi izanez gero. Dena dela, lehiaketan parte hartzeko ez da beharrezkoa DK Irratia erabiltzea; lehiakideen esku dago zein baliabide erabili irrati-piezak sortzeko.
Baldintzetan zehazten denez proposatzen den audioak originala, ez-komertziala, irratian emititu gabea eta beste sariketetan saritu gabea izan behar du. Adin eta nazionalitate guztietako herritarrek har dezakete parte lehiaketan, bai taldeka nahiz banaka.
Donostia Kultura Irratiak antolatutako lehiaketaren X. Edizioko sari nagusia Maider Uriarte Doizentzat izan zen 'Azken farozaina' piezagatik. Bigarren saria, berriz, Óscar Sipán Sanzentzat izan zen 'El jardín de las flores tristes' izeneko lanagatik. Saridunak DK Irratiaren 'Ispilu Beltza' irratsaio berezi batean ezagutarazi ziren.