Hala ez bada, sar dadila gure barneko basoan

Begoña del Teso

San Sebastián

Domingo, 18 de diciembre 2022, 10:38

Ikusleari sosegu izpirik eskaintzen ez dion 'Manticora' filmak, ahotsa altxatu gabe eta pantailan orbanik utzi barik, gure segurantza guztiak azpikoz gora jartzen dituen horrek, plazara, argitara, gurera ekarri du Denbora denbora denetik (eta aurreko une belztuetan ere) gure ondoan izan den izaki estrainioa.

Publicidad

Bai, aldean izan dugu. Alta, ez gara inoiz ohartu. Bisitatzen ohi ez ditugun gure arimaren bazter ilunetan bait zen ezkutaturik.

Bai, gure barneko zulo beltzetan bazegoen, badago, izaki beldur/izu/harri/hil/garri bat; Kimera, Gorgona, Medusa, Cancerbero, Minotauro, Hipogrifo, Done Jurgiren Dragoia, Esfingea, Kraken, Hidra, Angrboda emakume erraldoia eta Loki jainkoa guraso dituen Midgardeko Sugea, Euskal Herriko Jentilak, Apokalipsiaren Leviatana eta beste askoren pare den…. Mantikora!, gure uretako lamiak (bai Ongia, bai Gaitza eragiten dutenak) ere erraz eta asegaitz irentsiko zituen/dituena.

Alejandro Handiak hain sakon desiraturiko Persiako lur horietan omen zen sortua. Existitu arren, fantasiazkoak diruditen eremu haietan izan zuten, estreinakoz, gizakiek piztia izugarriaren berri. Ez Alejando, ez aita izan zuen Filippo, ez bere maisu izandako Leonidas jaioak ez zirela, Persian izan zen bera agertu.

Beranduago, askoz beranduago, Plinio Zaharra Historiagileak kreatura horretaz idatzi egin zuen baina Etiopian kokatuz: orrazi batenak bezain egoki bata bestearekin elkartzen diren hortz lerro hiru du. Gizakiarenak dira bere belarriak, bere aurpegia. Urdin ederrak ditu begiak eta gorputza, lehoiarena, gorrimin kolorekoa. Buztanak eskorpioiarena ematen du. Oreina bezain azkarra, gustuko du giza haragia eta bere ahotsak, segun eta zein aldartetan den, tronpetaren edo txirularen soinua gogorazten du.

Indian egokitzen dio, aldiz bizilekua Claudio Elianok bere Animalien Historia aspaldi aspaldiko izkribuan. Berak dakienaren arabera, buztanan duen eztena da bere armarik arriskutsuena , Horrexegatik, gizonetan adoretsuenek lapurtzen omen zikioten kumeak eta haien buztana moztu.

Publicidad

Amaren amorruak dozenaka hiltzen zituen gerlari prestu baina maltzur horiek. Zerion usainarekin, zerion tristeziarekin…

Izan ere, Madame Bovaryren autorea den Flaubertek San Antonioren Tentaldietan egiten dion aipu eta aitortzan, segidako hitzok jartzen ditu bere hondorik gabeko ahoan: bakartasun ororen sarrakio amaiezinaren hatsa dario nire muturrari. Eta izurria nire eztarritik. Basamortua sartzen ausartzen diren armada osoak zanpatu egiten ditut.

Imajinatzen Mantikora eta Moby Dicken arteko borrokarik? Mantikora eta King Kongen artekoa? Mantikora eta Terminatorren artekoa? Mantikora eta Robocopen artekoa? Imaginatzen Mantikora eta Bilboko Gargantuaren norgehiakorik, ea zeinek gehiago jan?

Publicidad

Mantikoaren eta Harry Potterrek duen etsairik finenaren arteko azken guda nolakoa pentsatzeak ere, seko beldurtzen ez al zaituzte?

Bai, Voldemortez ari naiz. Imajina itzazue biak aurrez aurre, Hogwarts ikastetxeko zabalgunea guda zelai bihurturik. Mantikorak ez luke armadarik behar. Voldemortek, aldiz, aldean izango zituen herioa bera mastekatzen duten Walpurgiseko Andreek eta Jaunek osaturiko batailoak

Harry Potterez ari gara Denbora denbora ez zeneko aroan sortutako kreatura baten inguruan? Bai. Liburuen hitzetan eta filmen irudietan, gaur gure pantailak mende hartu berri(ro) dituen izakiak Hogwartseko basoan du kabia. Berak eta kumek ere.

Publicidad

Ez al genekien mantikora azkarra oso zela? Erraz zeharkatzen ditu, ba, aroak; erraz gizakion ametsak, amesgaiztoak, fantasaiak. Zeharkatu eta bere egin.

Hor da mantikora, zuen etxe ondoko zinemetan zain, zelatan. Zabiltzate erne. Egizue ihes. Edo eman, amoros, amore.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad