Gutxitutako hizkuntzen nazioarteko mintegia egingo dute Edinburgoko Unibertsitatean

Gutxitutako hizkuntzen nazioarteko mintegia egingo dute Edinburgoko Unibertsitatean
AFP

Ikerlarien eta hizkuntza gutxituetako komunikabideetan lan egiten duten profesionalen art ean ezagutza partekatu eta kolaborazioa sustatzea ditu helburu, eta nazioarteko hizlariak izango dira bertan

DVDonostia

Etxepare Euskal Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak antolatuta, nazioarteko mintegi bat egingo da Edinburgoko Unibertsitatean urriaren 16 eta 17an. Egitaraua argitaratu da jada eta bertara ikusle bezala joateko izen emateak irekita daude.

Ekimena, 'Mugarik gabeko ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean' izenburua duena, Etxepare Euskal Institutuak 2019. urtean zehar Eskozian landu duen Scotland Goes Basque kultur denboraldiaren barruan kokatzen da. Egitasmo honek ikerlarien eta hizkuntza gutxituetako komunikabideetan lan egiten duten profesionalen artean ezagutza partekatu eta kolaborazioa sustatzea ditu helburu, eta nazioarteko hizlariak izango dira bertan. Mintegia ingelesez izango da.

Izena eman, programazioa kontsultatu edota informazio osatuagoa nahi duen orok esteka honen bidez egin dezake. Langileak direnek 70 librako prezioa ordaindu beharko dute, eta erretiratuek, langabetuek eta ikasleek 45 libra. Mintegiak iraungo duen bi egunetan, antolatzaileek kafea eta bazkari arin bana eskainiko dute. Urriaren 16 gauean ere afari batera joateko aukera egongo da, baina honek aparteko kostua izango du: 25 libra.

Herrialde ezberdinetako hainbat hizlari egongo dira bi egunetan hitzaldi eta mahai inguruetan parte hartzen. Hizlari horiek hizkuntza gutxituetako hedabideetan adituak dira, eta arlo akademikotik, komunikabideetatik eta kultur fundazioetatik datoz.

Mintegiaren Batzorde zientifikoa osatzen dute Miren Manias-Muñoz, Edinburgoko Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitatekoak, Mondragon Unibertsitateko Aitor Zuberogoitiak, Deustuko Unibertsitateko Estibaliz Amorrortuk, Limerick-eko Unibertsitateko Helen Kelly-Holmesek, Helsinkiko Unibertsitateko Tom Moring-ek eta Amsterdamgo Unibertsitateko Tarlach McGonaglek.

Mintegiaren Antolakuntza Batzordea, bestalde, Edinburgoko Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko Miren Manias-Muñozek eta Garbiñe Iztueta Goizuetak, Etxepare Euskal Institutukoa eta Euskal Herriko Unibertsitatekoa.

Temas

Euskera