Guggenheim Bilbao Museoak 1.265.756 bisitari izan ditu 2018an

Joana Vasconcelosen erakusketak 649.082 bisitari izan zituen./BORJA AGUDO
Joana Vasconcelosen erakusketak 649.082 bisitari izan zituen. / BORJA AGUDO

Museoaren funtzionamenduak 471,4 milioi euroko ekarpena egin dio 2018ko EAEko Barne Produktu Gordinari

Guggenheimn Bilbao Museoak 2018. urte «oso positiboa» izan du, publikoaren aldetik jasotako babesari esker. Zehazki, museo bilbotarrak 1.265.756 bisitari jaso ditu, bere historiako hirugarren zifrarik onena. Datu hori bi urtetan baino ez da gainditu: 2017an, 20. urteurrena ospatu zenean, eta 1998an, museoa martxan egon zen lehen urtean.

«Zentzu horretan, Guggenheim Bilbao Museoak 2018an erakarritako bisitari kopurua da, beste behin, erakundeak lurraldearen bultzatzaile gisa duen gaitasunaren froga», nabarmendu dute bere arduradunek asteazken honetan argitaratutako ohar batean.

Guggenheim Bilbao Museoaren funtzionamenduak daukan eragin ekonomikoari dagokionez, aurreko urteetako datuak gainditu dituzte 2018ko emaitzek. Museoaren jarduerari esker Euskadin sortutako eskariaren guztizkoa 538,7 milioi eurokoa izan da, eta 471,4 milioi euroko ekarpena egin dio Barne Produktu Gordinari (BPG). Kopuru horiei esker, 73 milioi euro gehiagoko diru sarrera egin da EAE foru ogasunetan.

Aurreko urteen aldean, 2018an museoaren arte programazioaz gozatzeko hautua egin zuten 1.265.756 pertsonak 2017an jasotako publikoa baina %4 gutxiago dira; izan ere, 2017an, 113.966 bizkaitarrek baliatu zutenurrian museoa doan bisitatzeko Bizkaiko Aldundiak luzatutako gonbidapena.

2016rekin alderatuz gero -historiako laugarren urte onena izan zen-, bukatu berri den urtean 96.352 bisitari gehiago izan dira, eta 2015aren aldean -bosgarren urte onena-, iaz 162.545 bisitari gehiago izan ziren. «Datu horiek museoaren goranzko joera berresten dute», gaineratu dute.

Jatorri geografikoa kontuan hartuz gero, aurreko urteetan bezala mantendu da atzerritarren portzentaje altua (bisitari osoen %71, 2017an baino %9 gehiago). Gehienbat, Frantziatik (%18), Britainia Handitik (%9), Alemaniatik (%6), Ameriketako Estatu Batuetatik (%6) eta Italiatik (%5) heldu dira atzerriko bisitariak.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bisitarien portzentajea %9 izan da, aurreko urtean baino %11 gutxiago, hain zuzen ere, 2017ko urriko bizkaitarren etorrera dela eta. Espainiako Estatuko bisitarien portzentajea %20 izan da, eta Madrildik (bisitari kopuru osoaren %5) eta Bartzelonatik (%4) heldurikoak nabarmenduz.

Arte programazioa

Arte programazioa izan da bisitarientzako Guggenheim Bilbao Museoak 2018an izan zuen erakargarritasunik handiena. 'Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz' erakusketa 649.082 bisitarik ikusi zuten uztailetik azarora bitartean, eta eguneko batez besteko bisitariak kontuan hartuz museoaren historiako hirugarren erakusketa arrakastatsuena izan da.

'Artea eta Txina 1989 ondoren. Munduaren antzerkia' 619.411 pertsonek bisitatu zuten maiatzetik irailera, eta 'Chagall. Urte erabakigarriak, 1911-1919' erakusketa, aldiz, 453.182 pertsonek ekaina eta abuztua artean. Halaber, 'Esther Ferrer. Elkarri lotutako guneak' erakusketak 303.535 pertsona erakarri zituen martxo erdialdetik ekain erdialdera arte, «kopuru handia da epealdi horretarako».

Esparru digitalari dagokionez, www.guggenheim-bilbao.eus webguneak 2.403.623 bisitaldi eta bistaratutako 8.781.831 orrialde erregistratu zituen 2018an, aurreko urteko datuen ildo beretik. Era berean, museoaren sare sozialek haien komunitate eta eragina handitzen jarraitu zuten: 298.380 jarraitzaile Facebooken, 366.000 Twitterren eta 390.000 Instragramen.

Hezkuntza-programei dagokienez, 139.604 pertsonak parte hartu zuten 2018an museoak antolatu zituen jarduera presentzialetan eta online jardueretan. Gainera, 977.751 pertsona izan ziren arte programazioaren osagarri diren espazio didaktikoak erabili dituztenak, eta 688.938k entzuteko gidak erabili zituzten.

TopARTE egitasmoa

Bestalde, bukatu berri den urteko arrakasta nagusienen artean TopARTE egitasmoaren jarraipena nabarmendu du museoak. Ekimena 2017an inauguratuzen, 20. urteurrenaren baitan, eta 2018an jarraitu zuen. TopARTEren bitartez, museoko espazioak ireki dizkie EAEko kultur eragile eta erakundeei, musika, zinema, bideo, dantza, performance, antzerki eta gastronomia moduko diziplinetako programazio aberatsa eskaintzeko.

Beste gertakari azpimarragarri bat da New Yorkeko Basque Internship at the Solomon R. Guggenheim Museum beka programa finkatu dela, eta EAEko 24 gaztek eskuratu dute jada.

Museoko banakako kideei dagokionez, 45.392 dira Community osatzen dutenak: museoak 2017an artearen eta kulturaren inguruan sortutako komunitate berria da Community. Kolektiboen arabera banatuz gero, 19.762 Museoaren Lagunak dira, ,useoa martxan jarri zenetik kopuru handiena osatuz eta «museoak gertuko ingurunean daukan gizarte-babes zabala ziurtatuz»; bere aldetik, Jarraitzaileak 23.958 dira, museoarekin harremana ezartzeko sortu den doako modalitatean, eta langabezian daudenei doako sarbidea eskaintzen duen Erdu programak 1.672 onuradun izan zituen.

Bestalde, Guggenheim Bilbao Museoak 2018an izan zuen enpresa partaidetzari dagokionez, Kide Korporatiboak 124 izan dira. «Erakundearen finantzabidearen funtsezko oinarri dira eta Community ere osatzen dute», azaldu dute.

Azkenik, Guggenheim Bilbao Museoaren funtzionamenduak daukan eragin ekonomikoari dagokionez, aurreko urteetako datuak gainditu dituzte 2018ko emaitzek. Horrela, museoaren jarduerari esker Euskadin sortutako eskariaren guztizkoa 538,7 milioi eurokoa izan da, eta 471,4 milioi euroko ekarpena egin dio Barne Produktu Gordinari (BPG). Kopuru horiei esker, 73 milioi euro gehiagoko diru sarrera egin da EAE foru ogasunetan.

Gainera, museoaren jarduerak 10.089 enplegu mantentzen lagundu du, eta, beste urte batez, Europako kultur erakundeen artean buru izaten jarraitu du autofinantzaketa mailan: 2018an %70ekoa izan zen datu hori, gutxi gorabehera.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos