Grabatu antropomorfoa topatu dute Zalduako kokagune erromatarrean

Zalduako aztarnategia. /DV
Zalduako aztarnategia. / DV

Auritz eta Aurizberri inguruko aztarnategian dagoen grabatuaren aurkinkuntzarekin batera eraikuntzak terma edo baino gune funtzioa zuela berretsi ahal izan da

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Museum of London Archaeology (MOLA) museoko arkeologoak duela 8 urtetik ari dira Auritz eta Aurizberri inguruan dagoen aztarnategi honetan ikerketak egiten. Aurtengo uztaileko kanpainan, hogei arkeologoren borondatezko lanari esker egin ahal izan dute ikerketa-lana.

Aurtengo kanpainan Zalduako (Auritz) herrigune erromatarraren erdigunean kokatutako eraikina industen jarraitu da. Fase eta birmoldaketa ugari dituen eraikuntza konplexua da eta 600m² baino gehiagoko azalera du. Horregatik, oraingoan mendebalderantz zabaltzen diren geletan aritu da lantaldea.

Hilabete honetako lanak aurrera zihoaztela, hipotesiak berretsi ahal izan dituzte, hau da, eraikuntzak terma edo bainu gune funtzioa zuela. Hori horrela, ura eta gelak berotzeko erromatarrek erabiltzen zuten hypocaustum sistema topatu dute, zoruaren azpitik eta pareten artetik beroa zabaltzeko zerabilten sistema, alegia. Baita termetan ohikoak ziren beste zenbait elementu esanguratsu ere.

Egindako beste aurkikuntza berezi bat hareharri batean landutako grabatu antropomorfoa da, azpiko aldean hiru hizki dituena. Pieza hau bitxia da, horrelako besterik ez bait da katalogatu Nafarroan beste inon.

MOLA, Museum of London Archaeology museoko ildo metodologikoak aplikatu dituzte esku-hartzean. Londinium-eko arkeologia erromatarrean espezializatutako erakundea da. Lan honetarako, hiru laguneko lantaldea etorri da Londresetik eta indusketa-lanen gidaritzan parte hartu dute. Horrez gain, Aranzadiko arkeologo gazteen belaunaldi berriei prestakuntza ere eman diete.

Hiri-izaerako aztarnategi garrantzitsua da Zalduakoa, eta Iter XXXIV galtzadaren Pirinioetako igarobidean dago kokatuta. Astorga-Astorica eta Bordele-Burdigala lotzen zituen galtzada horrek eta egile klasiko erromatarrek Summum Pirineum eta Iturissa kokalekuak aipatzen dituzte baskoien lurralde horietan.