Gorka Salces garaile Donostia Kultura Poesia Lehiaketan

Gorka Salces idazle eta irakaslea/
Gorka Salces idazle eta irakaslea

Eli Tolaretxipi, Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Bordak osatutako epaimahaiak saria 'Ego, demos, cosmos' lanari eman dio

DVDonostia

Donostiako Poesiaren Astea hasi da Donostia Kultura Poesia Sariaren emate ekitaldiarekin: Gorka Salces Alcaldek irabazi du. 1.000 euro eskudirutan eta Imanol Larrinaga pintorearen akuarela bat jasotzeaz gain, bere lana argitaratuko du Balea Zuria argitaletxearen lankidetzari esker, eta ekainean parte hartuko du Poesia eta Pentsamendua errezitalean.

Aurten bigarren edizioa duen lehiaketa hau 35 urtetik beherako euskal poeta gazteen lanak sustatzeko sortu dute. Eli Tolaretxipi, Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Bordak osatutako epaimahaiak saria 'Ego, demos, cosmos' lanari eman dio. Guztira hamahiru lan aurkeztu dituzte lehiaketara.

Gorka Salces Alcalde (Portugalete, 1986), Historiako lizentziatura eta masterra bukatu ostean, Berria egunkarian bekadun-erredaktore lanetan aritu zen urtebetez, euskaldunek komunikabideen aurrean dituzten iritziak, ohiturak eta jarrerak aztergai dituen doktore-tesian murgildu aurretik. Gaur egun Historiako irakasle lanetan dihardu bigarren hezkuntzan, eta bere ikasleek ez dakite idazten duenik.

2013an Ermua Hiria literatur lehiaketa irabazi zuen 'Apirila ñirñirka' poemarioarekin, eta geroztik, bi bigarren sari jaso ditu Pasaia Hiria (Haize takikardikoa, 2014) eta Hondarribiako Bordari (Ekinokzio bete Gales, 2017) lehiaketetan. Askoz gehiago ditu saritu gabeko lanak. ITU zein Lekore literatur aldizkarietan ere kolaborazioak argitaratu ditu tarteka.

Egunotan euskaraz propio sortutako lehen rol jokoa (AtopiaRPG) idazten ari den lan taldean dihardu, proiektuak 2018ko Durangoko Azokako Sormen Beka jaso ostean.

Temas

Euskera