'Goresmenak Xalbadorri' erakusketa Zarauzko argazki eta zinema museoan

'Goresmenak Xalbadorri' erakusketa Zarauzko argazki eta zinema museoan
Photomuseum.name

Ferdinand Aire Etxarten figura gogoratzeaz gain, bere ibilbidea irudien bitartez jasotzea da urriaren 13a arte ikusi ahal izango den erakusketaren xedea

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Ferdinand Aire Etxarten, Xalbadorren, bizia iruditan jasotzen duen argazki erakusketa antolatu da Zarauzko Photomuseum argazki eta zinema museoan. Urriaren 13a arte ikusi ahal izango da, dohainik.

Argazkien bidez Xalbadorren unibertsora hurbiltzeko asmoz, erakusketak hainbat alor jorratzen ditu. Aurreneko atala bere familiaren, lagunen eta sorlekuko irudiez osatuta dago.

Bigarrengo atala bertsolari munduan azaltzen zaigu, bai bakarrik, bai bere lagunekin, plazaz-plazaz, edo txapelketetan parte hartuz. ç

Hirugarren atala, bere herrian 1976ko azaroaren 7an antolatu zen omenaldiari eskainita dago, eta bertatik jasotzen du izenburua, hain zuzen, erakusketa honek.

Urepeleko artzaina

Askotan gertatu zen bezala, Xalbador ezizena bere baserritik hartu zuen. Urepelen jaio zen 1920an, eta, herri berean zendu zen 1976ean bere omenez antolatutako ekitaldian ondoezak jo ondoren. Sortetxeak eman zizkion izana eta izena.

Urepeleko artzaina bezala ere ezaguna, esan beharrik ez dago giro euskaldun peto-petoan sortu zela, eta hortik zetorkiola bertsolaritzako zaletasuna. Lehen bertsoa 16 urtekin bota zuen, ostatuan bertsotan ari zirenei erantzunaz. Kantatu zuen mutiko mukizu haren lotsagabekeria gaizki iruditu zitzaien, nonbait: «zakur batzu bezala oldartu baitzitzauzkitan».

Bertsolaritza indarberritzen ari zen garaian, Basarri eta Uztapide bikotearen ondoan hazi zen Xalbador, kide paregabea zuelarik Mattin. Bikote horrek Euskal Herri osoan hamaika emanaldi burutu zituen, Ipar Euskal Herriko bertsolaritza sendotu eta alde guztietara ezagutzera emanez.

Azken finean, Xalbadorren bertsoak eredu dira hainbat arrazoiengatik: hitzak aukeratzeko trebeziagatik, bere lirismoagatik, gai unibertsalak edo sentimenduak jorratzeko abileziagatik edota metaforak sortzeko gaitasunagatik.

Bere beste ekarpen bat ere aipatu behar dugu bertso-liburuen argitalpena, alegia. Ezin bertzean, 'Herri gogoan' eta 'Odolaren mintzoa' plazartu zituen, azken hori beti goraipatzen dena.