«Gizon baten ahotsetik baino gizon baten belarritik idatzi nuen 'Hariak'»

Yoseba Peña, aste honetan Donostiako Tobacco days liburu-dendan. /USOZ
Yoseba Peña, aste honetan Donostiako Tobacco days liburu-dendan. / USOZ

Datorren asteburuan Zarautzen egingo den Literaturia jaialdiko antolatzaileetako bat da Yoseba Peña idazlea, eta Zilarrezko Euskadi Saria jasoko du laster Susak argitaratutako 'Hariak' eleberriagatik

NEREA AZURMENDI

Zeregin ugari ditu une honetan esku artean Yoseba Peñak (Sodupe, 1977), erabat zarauztartutako idazle eta irakasle bizkaitarrak. Lizardi DBHko institutuan filosofia irakasle, hurbil ditu ikasturte amaierako lanak. Are hurbilago du datorren asteburuan, maiatzaren 10etik 12ra, Zarautzen egingo den Literaturia, antolatzaileei dagokien ardurarekin biziko duena. 'Hariak' eleberrian oinarritutako ikuskizunaren estreinaldia ere ez du urrun, hilaren 17an emango baita aurrenekoz; eleberri horrexegatik Gipuzkoako liburu-saltzaileek emandako Zilarrezko Euskadi Saria jaso baino sei egun lehenago, alegia.

– Une honetan argi betean bazaude ere, Literaturiaren aurkezpenean esan zenuen ikusgaitasun falta dela euskarazko literaturaren arazo nagusietako bat. Nondik dator zure ustez? Ze ondorio ditu?

– Nik uste dut bisibilidade falta hori nabarmena dela, beste literatura batzuetan baino handiagoa. Gaur egun edozein pertsonak ezagutzen du Arturo Pérez Reverte bat, baino askoz ere gutxiagok ezagutzen dituzte Harkaitz Cano, Ramon Saizarbitoria edo Kirmen Uribe, esate baterako. Atxaga izan daiteke agian salbuespena. Futbolarekin eta ezkutuan gelditzen beste kirol batzuekin bezala gertatzen da... Nire ustez, hor badago apustu bat gizartea otzantzeko. Gero, euskarari dagokionez, beste zerbait badago. Koldo Izagirrek eta Pako Aristik-eta idatzi dute horri buruz: traba handiagoak dauzkagu gauzak sortzeko eta plazaratzeko. Espainolez edo frantsesez idazten duenak merkatu askoz ere handiagoa dauka. Autonomia Erkidegoan ofiziala da bi hizkuntzak maila berean jartzea, eta hori beti gure kontra doa. Ni irakaslea naiz eta hortik bizi naiz, askatasun osoa dut idazteko, baina idatzi ahal izateko goizeko seiretan ibili behar dut.

– Berdintsu dabiltza gaztelaniaz idazten duten asko eta asko.

– Bai, baina gero askoz ere errazago daukate. Hemen sortzen ari da idazle mota bat, Toti Martínez de Lezearen ubera horretan, thrillerrak eta nobela poliziakoak idazten dituena, lan irakurgarriak, eta sortzen ari da publiko bat, hemengoa, hori irakurtzen duena gaztelaniaz. Euskaraz ez da horrelakorik sortu. Gaztelaniaz idazten dutenak ari dira profesionalizatzen; osterantzean euskaraz oso gutxi dira idaztetik bizi direnak.

– Irakurleek dute hortaz hitza.

– Euskaldunok oso gutxi irakurtzen dugu euskaraz, joera handiagoa dugu espainolez edo frantsesez kontsumitzeko, eta euskarazko lanen ikusgaitasun eza muga handia da horretan. Badaude hainbat arazo konpondu behar direnak, baina inork ez die heltzen. Ibiltzen gara filigranak egiten, eta igual idatzi behar da 'best seller' gehiago. Nik neuk ez daukat gogorik literatura eramangarria egiteko, eta gehienok berdintsu gabiltza. Ez dugu gregario lanik egin nahi, baina igual beste gauza batzuk ere behar ditu publikoak formatzeko eta maila altuagoko literaturara igarotzeko.

– Marketinaren aldetik zer moduz ikusten duzu euskal liburugintza?

– Laguntza deialdiren batzuetan marketin planak ere eskatzen dira, idazteaz gain publizista izatea eskatzen digute... Ibili naiz horren inguruan pentsatzen. Aurreko nobela, 'Hodeien adorea' pasa zen 'sin pena ni gloria', esaten den bezala, eta penaz geratu nintzen. Ez zen kristoren nobela, baina kristoren txarra ere ez zen, uste dut merezi zuela pixka bat gehiago mugitzea. Gero 'Hariak' heldu zen. Urte asko sartu ditut eleberri hau idazten, proiektu oso pertsonala da, eta gustatuko litzaidake liburuaren bizitza nolabait luzatzea. Horregatik egin nuen istoriotxo bat Twiterren.

– Eta egundokoa antolatu zenuen.

– Momentu batean desagertzen nintzen Arantzazun eta aitaginarrebak aurkitzen zuen nire mugikorra... Baten batek ikusi zuen txioa, pantailaren argazkia egin eta wasapez bidali zuen, hari osoa erakutsi gabe. Testuinguruaz jabetu ez zen jendea asaldatu zen pentsatuz mendian galduta nengoela-edo. SOS-Deiak-era ere deitu zuten...

– Balio izan zuen zerbaitetarako?

– Sortu genuen zarata pixka bat, eta Durangora behintzat lehenengo edizioa salduta joan nintzen. Orain, maiatzaren 17an estreinatuko dugu 'Hariak'-en oinarritutako sentikaria. Iraia Eliasek irakurriko dituen hainbat testu sortu ditut, eta poemaren batzuk musikatu ditu Rafa Ruedak. Laburmetraia bat ere prestatu dugu. Ordubeteko ikuskizunean nobelako pertsonaiak –Irene, Xexili eta Olatz– lantzen dira, liburuaren bizitza zertxobait luzatzeko.

– Ikusgarritasunaren aldetik, Zilarrezko Euskadi Saria ere ondo etorriko zaio liburuari.

– Kristorena izan da zentzu horretan. Ez nuen espero hainbeste zabalduko zenik, baina hala izan da.

– Ikusgaitasunarekin jarraituz, 'Hariak'-en emakumeak atera dituzu ilunpetik, eta haien bidez kontatu duzu XX. mendeko historia: Errepublika garaia; gerra eta gerraostea, frankismoa, trantsizioa delakoa... Berdina izango litzateke kontakizuna lekukoak gizonezkoak balira?

– Inondik ere ez. Oso argi neukan emakumeak izan behar zirela, nik neuzkan historia guztietan emakumeak izan direlako protagonista eta ekintzaile. Nire birramama asturiarra, esate baterako, seme-alabak hartuta erbesteratu zen, senarra etxean utzita, hura baino askoz ere aktiboagoa zelako politikoki... Haren eta beste askoren istorioak joan naiz batzen hiru pertsonaietan. Ireneren, Xexiliren eta Olatzen bidez desbrikatu nahi nuen nolako indarra hartu zuten emakumeek Errepublika garaian; gero nola egin zuten atzera frankismopean, erlijioak ezarri zien kargagatik, besteak beste; nola sortu ziren poliki-poliki gauzak aldabidean jarri zituzten mugimenduak...

– Egiazko pasadizo eta bizipenak daude liburuko pasarte guztietan, edo asko jarri duzu zuretik?

– Aurretik elkarrizketaren batean esan izan dut gizon baten ahotsetik baino gizon baten belarritik idatzi dudala 'Hariak'. Gure etxean beti izan dute presentzia handia emakumeek, eta familiako errezetak jaso ditudan legez familiako istorioak ere neuk jaso izan ditut txiki-txikitatik. Birramamarenak, amonarenak... Zarautzera etorri eta neska ezagutu nuenean, haren amonaren eta beste zenbait emakumeren testigantzak biltzen hasi nintzen. Elkarrizketa asko egin nituen halaber azkeneko atala, Olatzi dagokiona, osatzeko. ETAren gaia oraindik gorian dago, mingarria da, eta horregatik atentzio handia jarri nuen dena ondo finkatzeko. Dena egin dut elkarrizketen bitartez, eta jasota dagoen guztia hala kontatu didate. Besterik da egia den, edo gezurra. Azkenean, nire lana ez da idazlearena izan, konpilatzailearena baizik. Jostunaren lana egin dut, batak eta besteak kontatutakoa poliki-poliki elkartzen, jasotako txatalekin manta moduko bat osatzen. Eskola ederra izan da ikusteko gizonak ez izateagatik jaso duten tratua. Alaba baten aita izango naizenez, espero dut alabari erakustea daukagun mundua ez dela perfektua, asko gelditzen dela borrokatzeko.

– Lan egiteko modu horren ondorio izan da 'Hariak' idazteari horrenbeste urte eman izana?

– Beste arrazoi batzuk ere izan dira: denbora falta, gazte literaturan ere aritu izana... Horrez guztiaz gain, ondo sustraitu behar nuen Zarautzen, zarauztartu egin behar izan dut nobela hau idazteko. Txatal asko neuzkan, baina falta zitzaidan bilbea denak ondo lotzeko eta ondo josteko, eta hori aurkitu zain ere egin naiz. Dena dela, uste dut ona izan dela luzatzea, denak duela bere momentua.

– Hurrengo lanetan bide neketsu horri eusteko asmoa duzu?

– Badaukat hurrengo nobelarako gaia, eta orainera itzuliko naiz, zerbait modernoagoa izango da. Momentuz, fikzio historikoa alde batera utzi eta zentratuko naiz gaurko kontuetan.