Gipuzkoara ekarriko dute 'Artalde' proiektua, ekainaren 21ean

Gipuzkoara ekarriko dute 'Artalde' proiektua, ekainaren 21ean
Atalak

'Atalak 2.0' programa aurten egingo duen bigarren sorkuntza laborategian barneratu da horrela. Guztira, 12 dantzarik landuko dute Jordi Vilaseca eta Aritz Lopezen proposamena

DVDonostia

Gipuzkoatik Nafarroara salto egingo du Jordi Vilaseca eta Aritz Lopezen gidaritzapean 'Artalde' proposamenak, 'Proyecto Larrua' konpainiak gorpuztuta. Ekainaren 21era bitarte, Tuterako Gaztambide antzokia izango dute egoitza, eta Gipuzkoan erakutsiko dute lana gero, besteak beste. «Sorkuntza laborategi honetan gorputz-hizkuntzan jartzen dugu arreta; kontaktu fisikoak eta keinuak komunikazio bitartekari gisan jokatzen duten paperean», azaldu dute proiektuko zuzendariek.

«Grotowskiren antzerki pobrean eta Peter Brooken espazio hutsean inspiratuta, gure gorputzen bitartez espazioa eraldatu eta habitatzea bilatzen dugu, esaterako, gorputzak espazio eszeniko bilakatuta», gaineratu dute.

Egitasmoan, Jordi Vilasecak eta Aritz Lopezek diziplinak uztartzen dituzte, break dance eta dantza garaikidea, hain justu. Azaldu dutenez, «'Larrua' proiektuak pedagogiaren alorra barne hartzen du eta fisikotasun zein emozioetan antzekotasunak dituen dantza du oinarri, dantza garaikidearen eta break dance-aren arteko nahasketatik eratortzen dena».

'Atalak 2.0' programa aurten egingo duen bigarren sorkuntza laborategian barneratu da horrela. Guztira, 12 dantzarik landuko dute Vilasecaren eta Lopezen gidaritzapean 'Artalde' proposamena.

Sorkuntza laborategi hau Nafarroako Gobernuaren 'DNA Sorkuntza 2019' programaren barnean kokatzen da eta, Baluarte Fundazioarekin batera, Atalak 2.0 programaren bazkide da. Bi astetan egindako lanaren aurkezpena ondorengo lekuetan egongo da ikusgai: ekainaren 21ean Tuterako Teatro Gaztambiden (20:30); ekainaren 24an Gipuzkoako Dantzagunean (Errenteria 12:30); ekainaren 25ean Malandain Ballet Biarritzen (19:00); ekainaren 27an Felix Petite Antzokian (Vitoria-Gasteiz 20:00) eta ekainaren 28an Tabakaleran (Donostia 20:00). Aurkezpen hauek mediaziorako eta topagunerako tresna dira publikoarentzat. Horiei esker, dantza garaikidearen barne prozesuak ezagutzeko aukera eskaintzen da. Erakustaldietan prozesuetan jartzen da fokua eta ez emaitzetan.

Sorkuntza laborategian, proiektuak Begoña Martín aktorearen laguntza izango du. Azken honek kanpo begi lanak egingo ditu. Ondorengo dantzariak ari dira Proyecto Larrua eta Begoña Martínekin elkarlanean: Aitor Jimenez, Araitz Lasa, Iker Sanz, Mirka Vlachou, Pablo Navarro, Pauline Bonnat, Saioa Belarra, Xián Martínez, Oier Abrego, Aimar Odriozola, Alicia Cayrou eta Neil Höhene.

Atalak 2.0 programak koreografiaren munduan lehen urratsak ematen ari diren sortzaileak ditu erdigune, eta talde sorkuntza ardatz dute laborategiek. Bi asteko iraupena duen sorkuntza laborategiak eskaintzen dizkie Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko koreografo eta sortzaileei, 8 eta 12 dantzariz osatutako taldea beren esku jarrita. Egitasmoak sorkuntza koreografiko garaikidea eta Euroeskualdeko profesionalen arteko harremanak sustatzea ditu helburu.

Temas

Euskera