Borrar
Saroi Jauregi, Pili Legarra eta Mari Jose Telleria aurkezpenean Bertsozale Elkartea
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, irailaren 14tik abenduaren 14ra

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, irailaren 14tik abenduaren 14ra

Oñatin abiatuko da 48 parte-hartzailerekin eta, 16 saioren ostean, Illunbeko Donostia Arenan jokatuko da finala

n. azurmendi

Asteasu

Martes, 16 de julio 2019, 14:03

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Pello Errota bertsolariaren (1840-1919) heriotzaren 100. urteurrena eta haren alaba Mikela Elizegiren (1869-1967) jaiotzaren 150.a kulturaren eta bertsolaritzaren inguruko ekitaldi ugarirekin ekarri dituzte gogora azken hilabeteotan haien jaioterrian, Asteasun. Aita-alabei eta bertsolaritzan izan zuten garrantziari keinu bat egiteko asmoz, bertan aurkeztu dute gaur goizean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Bertsozale Elkarteko lehendakari Saroi Jauregik, Foru Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleriak eta Asteasuko alkate Pili Legarrak.

Festa giroko aurkezpen handia, parte hartuko duten bertsolari denak bertan direla egingo dena, irailaren 7rako antolatu dute, eta hori ere Asteasun egingo da. Gaurko aurkezpena xumeagoa izan da, baina argitu dituzte Txapelketari dagozkion datu nagusi denak.

Hala, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren 2019ko edizioa irailaren 14an hasiko da, Oñatin, eta hiru hilabeteren buruan, abenduaren 14an, jokatuko da azken saioa, finala, Donostiako Illunben.

48 bertsolari

Guztira 48 bertsolarik eman dute izena Txapelketan: 38 gizonezkok eta 10 emakumek. Jauregik argitu bezala, ez dira denak bide beretik iritsi azken txanpara. Gehienek, 34k, maiatzean egin zen Gipuzkoan Bertsotan sailkapen fasean lortu zuten txartela. Hautaketa zorrotza izan zen, 84 bertsolarik hartu baitzuten parte Gipuzkoako eskualde guztietan burutu ziren saioetan.

Gainerako parte-hartzaileak 2015eko Txapelketatik iritsi dira zuzenean 2019kora. Orain dela lau urte gutxienez finalaurrekoetara iritsi zirenek izan dute abantaila hori. Aukera ez dute denek baliatu, baina guztira 14 bertsolari heldu dira bide horretatik aurtengo Txapelketara.

Bertsolariek saioz saio joan beharko dute aurrera egiten. Bi bide dituzte horretarako: egokitu zaien saioa irabazi eta hurrengo faserako pasea lortu, edo ahalik eta puntu gehien pilatu. Izan ere, final-laurdenetara zortzirenak irabazitako bertsolariak eta puntuazioaren arabera ondoen sailkatutako 17ak helduko dira. Fase horretan bilduko dira halaber Txapelketara 2015eko finalistak.

Haien artean, bik bakarrik egin diote uko 2019ko Txapelketan parte hartzeari: Unai Agirrek eta Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa'-k. Gainerako finalistek (Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Jon Maia) urriaren 19tik aurrera egingo dituzte lehen urratsak Txapelketan, eta gainerakoek bezalaxe –saioa irabazita edo puntuak pilatuta– lortu beharko dute toki bat finalaurrekoetan eta, langa hori ere gaindituta, finalean.

16 saio

Aurretik zazpi final-zortziren jokatuko dira irailaren 14tik urriaren 5era. Oñati, Amasa-Villabona, Ordizia, Zumaia, Zumarraga-Urretxu, Elgoibar eta Lasarte-Oria izango dira saio horien egoitzak. Elizaga aita-alabei eginiko omenaldia borobiltzeko ez legoke gaizki saioren bat Asteasun egitea baina, Pili Legarra alkateak azaldu zuenez, ez dago herrian aforo nahikoa eta baldintza egokiak dituen tokirik. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean hartu zuen Asteasuk saio bat, eta arrakasta handia izan zuen, baina beste eskakizun batzuk ditu Txapelketak. Final-laurdenak, berriz, urriaren 19tik azaroaren 2ra bitartean jokatuko dira, Andoainen, Irunen, Eibarren, Azpeitian eta Azkoitian. Aurreko fasean bezala, larunbatetan eta igandeetan egingo dira saioak. Hiru finalaurrekoak igandez egingo dira, azaroaren 17an eta 24an eta abenduaren 1ean, Arrasaten, Oiartzunen eta Tolosan, hurrenez hurren.

Saio guztietako sarrerak eta bonuak irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia izango dute sarreretan. Halaber, Bertsozale Elkarteko bazkideek bonua eskuratu ahal izango dute, finalerako ez beste saio guztietarako balio duena. www.bertsozale.eus webguneak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren informazio osoa eta eguneratua eskainiko du. Horrez gain, www.bertsoa.eus atariak txapelketaren jarraipen berezia egingo du, eta sare sozialetan ere aparteko ahalegina egingo dute txapelketaren berri emateko orduan.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios