Geoparkea Geoeskolak programa didaktikoa garatzen ari da

Geoparkea Geoeskolak programa didaktikoa garatzen ari da
Juantxo Lusa / DV

Dagoeneko, DBH 3. eta 4. mailei zuzenduta dagoen zumaiako itsaslabarretako geodibertsitatea ezagutzeko unitatea landu da, Algorri Interpretazio Zentroak duen ibilbide eta jakituria hizpide gisa

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Metodologia praktikoa erabiliz, Geoparkeko baliabide didaktikoak eskoletan lantzea du helburu egitasmoak, ikasleek Geoparkea zer den ezagutu dezaten. Programak erabiliko dituen bitartekoak baliabide geologikoak, ekologikoak edota kulturalak izango dira, besteak beste.

Geoparkeko arduradunek jakinarazi dutenez, programaren metodologiak berritzailea izan nahi du eta maila bakoitzeko ezagutzetara egokitzen da. Prestatu diren unitate didaktikoek ikasleen gaitasunak landu nahi dituzte batez ere. Lantalde txikien bitartez erronka desberdinak planteatzen dira eta ikasleek arazo egoera bati egin beharko diete aurre.

Geoeskolak proiektua garatzeko Geoparkeak hainbat eragileren laguntza izan du, esaterako, inguruko irakasleena, Algorri Interpretazio Zentroarenbegiraleena, Ingurugela zentroetako teknikariena eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia Esperimentalen Didaktika saileko irakasleena.

Lehen hezkuntzatik hasi eta batxilergora arteko hezkuntza ibilbidean, hurrengo urteetan bederatzi jarduera prestatzeko asmoa du Geoparkeak, hiru herrietako geodibertsitatea, biodibertsitatea eta ondare kulturala ezagutzeko. Horrela, besteak beste, Mutrikuko marinelen istorioak, Debako historiaurreko arkeologia edota Zumaiako itsasertzeko altxor geologikoak dira Geoeskolak programan landuko diren gaiak.

Dagoeneko, DBHko 3. eta 4. mailei zuzenduta dagoen Zumaiako itsaslabarretako geodibertsitatea ezagutzeko unitatea landu da, Algorri Interpretazio Zentroak duen ibilbide eta jakituria hizpide gisa erabilita. Hainbat talderekin metodologia praktikan jarri eta zenbait aldaketa egin ondoren, interesa duen edozein ikastetxeren eskura jarri da unitate didaktikoa Algorriko Interpretazio Zentroan. Bigarren jarduera prestatzeko prozesua ere abian da: kasu honetan, Mutrikuko Nautilus Museoko bilduma balorean jartzea da helburua.