Gazteak Lankidetzan programako 100 gazte dagoeneko ari dira tokiko erkidegoei laguntzen

Gazteak Lankidetzan programako 100 gazte dagoeneko ari dira tokiko erkidegoei laguntzen
Wilver Santana / EFE

Peru, El Salvador, Guatemala, Honduras, Bolivia, Kolonbia, Mexiko, Ekuador, Senegal, Kamerun, Ghana, Mozanbike, Nepal eta Indian, besteak beste, proiektu ezberdinak garatzen ari dira

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako 100 gazte buru belarri ari dira jada tokiko erkidegoei laguntzeko eginkizunetan, euskal Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin batera, Afrikako, Asiako eta Amerikako helmugetan. Uztailaren 4tik, irakaskuntzan, nagusietan, haurretan eta azpiegituren berrikuntzan laguntzeko eginkizunak betetzen dituzte. Ekimena Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du.

Programaren arduradunek azaldu dutenez, Ghanan, Nerea Buruaga eta Jone Agirre gazteek Hermanas Hospitalarias erakundearekin batera dihardute lankidetzan osasun zentro batean. Buruagaren hitzetan, «harrera ona egin digute, asko zaintzen gaituzte eta oso harreman ona dugu beraiekin. Lanean, hasieran zailtasun gehiago izan ditugu; izan ere, hasieran ez genuen gure lekua aurkitzen. Hizkuntza ere oztopo bat da, baina, pixkanaka, gure lekua egiten ari gara, eta egokitzen ari gara».

Xenofobiaren Aurkako Taldea GKE programa bat garatzen ari da Guatemalan, Ixcan udalerrian; bertan, Ainhoa Nievak, Peio Gorritxategik, Garazi Ruak, Ion Ander Arrillagak eta Ion Ander Barriusok parte hartzen dute. Nievaren hitzetan, «dena ederki, eta igandeetan lasaitasun pixka bat. Dagoeneko koordinatu gara eta sartu gara, pixkanaka, erkidegoko zenbait proiektutan. Ni klinikan nago eta eskolan ingelesean laguntzen. Gainera, gazte taldea sustatzen ari gara. Egun batzuetan ez dugu elektrizitaterik eta ez dabil dutxetako eta komunetako ura, baina ohitu egin gara».

Bestalde, Ayuda en Acción GKErekin batera, Mexikon ari dira lankidetzan Ioseba Agirre Retolaza, Noelia Nieto, Yeray Fernandez, Nagore Garcia, Miren Peña eta Hodei Arregi gazteak. Nietok honako hau esan du: «San Andres Cholulan ederki gaude. Bizikidetza bikaina da, sei gara eta oso giro ona dugu. Marcok oso ondo zaintzen gaitu, itzela da! Pasa den astelehenean hasi ginen lanean; udako ikastaro bat eman genuen, Tianguismanalcoko erkidegoan, 6 eta 12 urte bitarteko umeekin».

Halaber, Maider Fernandez eta Gonzalo Arranz Nepalen daude, Munduko Landa Foroan. Bertan, familia batekin bizi diren hil hauetarako lanaren plangintza egiten dabiltza.

KOOPERANTEEN BANAKETA

Lurraldeen arabera, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan ari diren 20 gazte Arabakoak dira, 55 Bizkaikoak eta 25 Gipuzkoakoak. Ehun gazte kooperanteak honako herrialde hauetara joan dira, besteak beste: Peru, El Salvador, Guatemala, Honduras, Bolivia, Kolonbia, Mexiko, Ekuador, Senegal, Kamerun, Ghana, Mozanbike, Nepal eta Indiara.