Gazteak doaz zinemara gehien

Gazteak doaz zinemara gehien
Michelena

Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen ia %80 gutxienez behin joan zen zinemara iaz

DVDonostia

Kulturaren kontsumoan gazteek kale egiten dutela iradokitzen duten estatistikak maiz plazaratu ohi dira. Oraingoan, ordea, kontrakoa ondorioztatu du Euskal Behatokiak: gazteak doaz zinemara gehien. Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen %79,7 gutxienez behin joan zen zinemara joan den urtean. Portzentaje hori beherantz doa adinean gora egin ahala.

Hain zuzen, 30 eta 45 urte bitartekoen %63,0, 46 eta 64 urte bitartekoen %58,1 eta 65 urtetik gorakoen %35,0 joan ziren zinemara behin gutxienez 2018an. Zinemara joateko maiztasuna ere handiagoa da gazteen artean, eta 18 eta 29 urte bitarteko gazteen %24k adierazi du zazpi aldiz edo gehiagotan joan zirela zinemara aurreko urtean.

Gazteen Euskal Behatokiak emandako eta azterturiko datuak dira, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 2018an '66. Euskal Soziometroa' txostena osatzeko jasotakoetatik abiatuta.

Horrela, Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiak baino gehiagok adierazi dute asko gustatzen zaiela pelikulak ikustea, zineman zein etxean; aitzitik, bakarrik %5,6k esan du gutxi gustatzen zaiola hori edota ez zaiola batere gustatzen. Pelikulak ikusteko zaletasuna handiagoa da adinean behera egin ahala.

18 eta 29 urte bitartekoek osaturiko taldea aztergai bakartzat hartzen bada, neskek mutilek baino neurri handiagoan diote pelikulak ikusteko zaletasun handia dutela. Zinemara joateko maiztasuna aztertzen bada ez da alde esanguratsurik ikusten neska gazteen eta mutil gazteen artean.

Bestalde, gazteak 25 urtetik gorako eta beherakoen artean banatzen badira, filmak ikusteko zaletasuna antzekoa da bi taldeetan, baina 18 eta 24 urte bitartekoek 25 eta 29 urte artekoek baino neurri handiagoan esan dute zinemara joan zirela aurreko urtean: 25 urtetik beherakoen %84,8 eta 25 eta 29 urte bitartekoen %73,5.

Temas

Euskera