Gazte kale ikuskizuna uztailaren 2an Hondarribian
Hika Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak egindako hirugarren elkarlana da
Euskal Dantza abiapuntu izanda, baina estetika eta lengoaia propio baten bila jarraitzeko asmoak eraginda, Gazte kale ikuskizunak Dantza Garaikidea eta garaiko dantza modernoak eta gorputz mugimendua uztartuko ditu datorren uztailaren 2an 19:00etan Hondarribiako Kasino Zaharreko Lorategietan.
Hika Teatroaren eta Oinkari Dantza elkarlanaren emaitza da hirugarren sormen lan hau. Ahotsari eta testuari tokia uzteko borondatea du eta, horregatik, musika aldetik ateak irekiak daude berrikuntzari. Euskal folkloreko doinuei muzinik egin gabe, zuzenean entzungo diren erritmoek oinarri elektronikoa izango dute, Hip hop kulturaren kutsu handiarekin eta elektronikak sortzen dituen giroekin lagunduta.
Agurtzane Intxaurraga zuzentzeaz gain dramaturgiaz ere arduratu da; koreografiak osatzen Eneko Gil koreografo eta dantzaria aritu da. Haiekin batera arituko dira eszenan 16 eta 24 urte bitartekoko hamar dantzari. Musika DJ Zigorren eskutik, Little Martin DJ eta Eneko Dieguez saxofonistaren laguntzarekin. Hiruak, zuzenean joko dute emanaldietan.
'Gazte' kale ikuskizuneko emanaldiak
-
Uztailak 2, estreinaldia: Hondarribia. 19:00, Kasino Zaharra. Lorategiak
-
Uztailak 3: Zarautz (Kalerki). 22:00, Munoa Plaza.
-
Uztailak 11: Villabona. 22:00, Errebote Plaza.
-
Uztailak 18: Sopela. 19:00, Larrabasterra.
-
Uztailak 21: Aretxabaleta. 19:00, Herriko Plaza.
-
Uztailak 23: Zornotza. 19:00, Amorebieta IV Frontoia.
-
Uztailak 25: Astigarraga
-
Abuztuak 7: Mutriku.
-
Abuztuak 14: Hernani.
-
Irailak 25: Andoain, 19:00.
Tradizioari eusteko modu bakarra, tradizioa berritzea eta berrinterpretatzea dela sinetsita, bederatzi urteko elkarlana dute atzetik Oinkari Dantza Taldeak eta Hika Teatroak, «munduari begiratu eta mundutarra izaten ausartu». Biak ala biak dira talde euskaldunak eta zeresanik ez, biek dute euskal kulturarekin eta herritarrekin konpromisoa.
Amantalen ahotsa ikuskizunean 2012an lehen aldiz topo egin ostean, 2013ko uztailean, 'Itsasoaren emazteak' ikuskizuna sortu zuten. Honek, «euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen zituen». Bigarren elkarlana 2017an heldu zen 'Sagartu' ikuskizunarekin, zuzeneko musika, antzerkia eta dantza uztartuz.