Gazte gera gazte

Gazte gera gazte
Manuel Bruque / EFE

Ausardia, indarra, kemena, gosea eta lotsagabekeria gazteen ezaugarriak dira

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme. Hala dio abestiak. Hala dio aurtengo Realak. Nekatu naiz adinaren inguruan hainbeste kezka entzuteaz. Ez nago konforme. Ez al dira gazteriarena ausardia, indarra eta kemena? Alaitasuna, baikortasuna eta freskura ere gazteenak dira. Baita lotsagabekeria ere.

Ezaugarri guzti hauek uztartu zituen larunbatean Mestallan talde txuri urdinak. Imanolek ere, antza, beldur hori sumatu zuen jendearen artean, eta ostiralean emandako prentsaurrekoan, inork galdetu gabe, ligako talderik gazteena daukagula esan zuen. Harro esan ere. Eta jarraian nabarmendu nahi izan zuen gogoa eta intentsitatea ematen dizkiola gaztetasun horrek. Alegia, aitzakiarik gabeko taldea daukala. Hurrengo eguneko partiduak behintzat arrazoia eman zion. Batere beldurrik gabe, nortasunarekin jokatu zuen Real gazte honek Europan handienen artean kokatzeko eginda dagoen aurkariaren aurrean.

Zakur zahar batzuk zituzten parez pare, baina konplexurik gabe hortzak erakutsi zizkieten gure mutilek. Oldarkor ere jarri ziren momentu batzuetan. Le Normand, Odegaard eta Merinok, esaterako, txartel horia ikusi zuten gogor sartzeagatik. Hiruotan zaharrenak 22 urte dauzka. Bazen garaia! Zenbat aldiz esan digute talde biguna garela? «Amatxo», «monja» eta horrelakoak entzun ditugu aspaldi honetan. Bada, hara non, eta talde gazte hau izan daiteke etiketa gaizto horiek gainetik kenduko dizkiguna. Errespetu kontua ere bada futbola. Gazte gera gazte. Goazen Reala! Mallorka –Valentzia eta Mediterraneoko gainontzeko hiri gehienak bezalaxe–, gazteen konkistetarako eraikita dago. Mugimendua, bizitza, parranda... Eta udara betean gaudela kontutan hartuta, are eta gehiago.

Martxa nahi du aurtengo taldeak. Gose da. Horren adierazle iruditu zitzaizkidan joan zen astean Mikel Oyarzabalek egin zituen adierazpen batzuk. Bere aurredenboraldia besteena baino motzagoa izan dela eta, aurreko kurtsoan 21 urtez azpiko selekzioarekin partiduak jokatu zituela eta, kazetariek nekeagatik galdetu zioten. Ez ote duzu zama hori guztia nabarituko? Ez al duzu ordainduko atseden falta hori? Bizpahiru galdera norabide berdinean joan zitzaizkion. Topikoei, baina, zaplazteko ederra eman zien eibartarrak. Esan zuen alderdi fisikoa baino garrantzitsuagoa dela askotan bultzada morala, eta Europeo bat irabazteak ematen duen energia psikologikoarekin geratzen dela. Harrapazak! Adin nagusikoak esaten dute ba 22 urterekin nekatzea ezinezkoa dela. Tesi zahar horren bertsioa bota zuen Oyarzabalek. Futbol ibilbidea motza da, eta izango du aukera deskantsatzeko erretiroa hartzen duenean. Esan baietz, Mikel. Esperientzia aldarrikatzen dute beldurtienak. Zertarako gazte batek azken minutuan penalti bat jaurtitzerakoan halako heldutasuna agertzen badu? Aspaldi hasi ziren mutil hauek baloiari ostikoka.

Orain, gustatu zitzaidan beste adibidea. Ander Barrenetxea (17 urte) negar malkotan ikusi genuen erabakiorra izan zitekeen penaltia egin eta gero. Ez du horrelakorik puska batean egingo. Haren amorrua ere gaztearena da. Bihotzeko min hori kirolean beharrezkoa da. Hanka sartzerakoan lehenbailehen ateratzeko grina.

Joko zuzen eta alaia batetik, izaera ausarta bestetik, ilusioa piztu du aurtengo Realak. Afizioa ere gaztetu delakoan nago. Alavesen aurka Zubietan jokatutako lagunartekoan harmailak goraino zeuden. «Nor joango da uda erdian arratsaldeko zazpiretan amistoso bat ikustera?», entzun nion hain gaztea ez den bati. Eta nork esango luke Valentziara 500 zale baino gehiago hurbilduko zirenik... Gazteak gera, gazte.