Gasteiz, euskal antzerkiaren hiriburua (ere) 50 urtez
Karlos del Olmo
Sábado, 1 de noviembre 2025, 11:49
1975eko irailaren 29an abiarazi zuten Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia. Harrezkero, bizirik diren asmo guztietan legez, bost hamarkadatan ez du falta izan gorabeherarik ez eta egokitu beharrik ere: hainbat egoitza eta zuzendari artistiko, egoitza nagusi duen Principal antzokia zaharberritu behar izatea, are urte jakin batean ez antolatzea ere… Hala ere, beti eutsi die oinarriei: unean uneko berritasunak edo estreinaldiak erakartzeko gogoa, pentsamendu kritikoa, nazioarteko ikuskizunak gurean aurkeztea, tokiko sortzaileak babestea, eta bertako, estatuko zein nazioarteko antzerki nahiz dantza ikuskizun onenak aditzera emateko irrika.
Publicidad
Aurten, urteurrena dela aitzakia, osagarri, omenaldi erakusketa bat ere antolatu dute, 2025eko urriaren 1etik abenduaren 15era, Ibaiondoko Gizarte Etxeko Erakusketa Gelan. Gasteizko herritarrei eskainitako kultur ekitaldi garrantzitsuenetakoa da jaialdia; urtea joan urtea etorri, altxor handi halako bat metatu du, arte eszenikoen erakusgarri oparoa eskaini duenez gero: bertako, estatuko eta nazioarteko lanak, klasikoak zein abangoardistak... Hortaz, zaleek, doan sartuta, Gasteizko historia biziaren alderdi hau ezagutzeko edo ostera ere bizitzeko bidea izango dute. Erakusketan, Kultura eta Hezkuntza Sailak, Udal Antzoki Sarearen bitartez, jaialdiaren ibilbide luze eta arrakastatsua ospatu eta goraipatu gura du, hainbatik hainbatean, mende erdiko ibilbide osoko kartelak ikusgai jarrita.
Makina bat antzezle, dantzari, zuzendari, teknikari, eszenografo eta musikari izan dira jardunean Gasteizko agertokietan, XX. eta XXI. mendeetako artista eta konpainia ospetsuen zerrenda dirdiratsu bat eratu arte: Comediants, Dagoll Dagom, Els Joglars, Harold Pinter, La Farándula, La Fura dels Baus, Lindsay Kemp, Marcel Marceau, Pragako Teatro Beltza, Peter Brook, Sevillako Teatro del Mediodía…, hainbatik hainbatean. Urtero beti izaten dute leku berezia konpainia eta artista arabarrek eta euskaldunek. Kontu garrantzizko bat ere ez da ahaztu behar, jaialdiak ezin hobeto sustatu baitu antzerki ikuskizunaren beste helburu noraezeko bat: ikusleak zale fidel eta jakintsu bihurtuz joatea.
Urteurrenaren muntari dagokionez, jaialdi berezia izango da aurtengoa, ohiko izaerari leial izanda, berritasun batzuk ekarriko dituenez gero, kalitatearen aldetik ahalegin berezia egin dute-eta antolatzaileek bikaintasuneranzko bidean.
Den-dena aipatzerik ez dagoen arren, zertzelada batzuk premiazkoak dira, 41 ikuskizun baitira eta 51 emanaldi, ez dira, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula euskal eszena arteen egoera ikusita. Antzerkialdia beti ahalegindu da euskal taldeak zaintzen, hala, hilabete hauetan proiektuak antzeztuko dituzte 17 euskal konpainiek. Euskaraz arituko dira horietako bederatzi, tokiko eta euskarazko eszena sortzaileek duten garrantziaren lekuko: urriaren 3an, 4an eta 5ean Piszifaktoriaren 'Hegan egiteko gogoa da', María Helena Vilhelmsson-en 'Trembling Frequencies', Parasite Kolektiboaren '1. koadroa: Epaiketa' eta Ane Gebararen 'Topa eta ito' ospatu ziren, eta, aurreko ostegunean, urriaren 23an, Tartean Teatroaren 'Non dira haurrak'. Bestalde, Zirrara Kolektiboaren 'Harrimena lantzeko ariketak' azaroaren 6an izango da; Gorakadaren 'Moko', azaroaren 9an; Artedrama & Axut-en 'Nor naizen baneki', azaroaren 20an, eta Paraiso Antzerkiaren Bihotz bihotzez, azaroaren 23an.
Publicidad
Euskal konpainiek dozena bat estreinaldi absolutu egingo dute. Horietako bi Kultura Sailarekin ekoitziak izango dira; zortzi lan, Off Lokal deialdiaren bitartezkoak. Hamalau lan lehen aldiz egongo dira ikusgai Euskadin.
Ohiko programazioaz gain, Antzerkia Zabaltzen ekitaldi multzoa ere paratu dute. Horren barruan, jada ospatutako 'Off Lokal' deritzon ekimena, euskarazko lau ikuskizunekin. Bigarren arloa, azaroan izango den 'Haurtxoak proiektua', hiru lanek osatua (horietako bat, arestian aipaturiko 'Bihotz bihotzez'). Hirugarrena, irailean ospatutako 'Atalak' izenekoa, Inés Aubert artistak gidatuko duen 'Iruditeria Posibleak' sorkuntza programa inklusiboa. Dantza erabili zuten bizikidetza, adierazpena eta komunitate solasak antolatzeko, doako hiru tailer bidez. Hainbat belaunaldi nahiz gaitasun eta ezagutza maila onartu zituzten. Amaieran, erakustaldi bat egin zuten, emaitza partekatzeko.
Publicidad
Antzerkia zabaltzeko sail horretan, 'Topaketak Lantalde' Artistikoekin deritzenetan, bi ikuskizunen ostean taldekoekin egoteko aukera izango da. Bestalde, 'Emanaldi Irisgarriak' atalak bi saio eskainiko ditu, horietako bat, zeinu hizkuntzaz, gorrentzako azpitituluz (azaroaren 12an); bigarrenean, gorrentzako azpitituluak eta ikusmen arazoak dituztenentzako audiodeskripzioaz gain, begizta magnetikoa ere egongo da eskuragarri entzumen arazoak dituztenentzat (abenduaren 13an). Seigarren sail berezia, 'Antzerkia Irakurgai' lantegia. Desio izeneko tranbia erabiliko dute oinarri, eta partaideek sarrera bana izango dute programako lan antzeztua ikusteko (urriaren 28an eta azaroaren 18an).
Euskal artisten bidaide, nazioartean ospe handia irabazitako partaideak, jaialdian ezagunak zein lehen aldiz etorriak, eskaintza zinez gomutagarri batean. Gasteizi buruz ezin esan zezakeen Lorcak: «Antzerkia sustatzen eta laguntzen ez duen herria, hilda ez badago, hilzorian da», hiria bizi-bizirik dagoelako.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión