Garikoitz Mendizabal txistulari gipuzkoarraren emanaldi berezia Libanoko Orkestra Filarmonikoarekin

Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra/Caché
Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra / Caché

Ostiralean, Beirut hirian, orkestra eta txisturako sortutako konposizio bat estreinatuko du Bilboko Udal Txistularien Bandaren zuzendariak

DVDonostia

Naji Hakim organista eta konpositore libanoarraren lan berria estreinatuko da ostiralean, hilak 3, Beirut hirian. Libanoko Orkestra Filarmonikoarekin batera, Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak orkestra eta txisturako sortutako konposizio baten manaldia eskainiko du. Hakimek berak eta Libanoko Orkestrak Mendizabalen parte-hartzea eskatu zuten ostiraleko estreinaldirako, elkarrekin hiru mugimendu dituen obertura bat eskaintzeko asmoz.

Orain dela 21 urte sortua, Libanoko Orkestra Filarmonikoak 30 emanaldi baino gehiago antolatzen ditu urtero Harout Fazlian-en zuzendaritzapean. Ostiraleko emanaldia berezia izango da, hala ere. Mendizabal artista gonbidatua izango da, Hakimen orkestra eta txisturako konposizio berezia lehen aldiz eskainiko du eta. Kontzertu honetan zuzendaria Fouad Fakhouri izango da.

Mendizabalek azaldu duenez, euskal kultura zabaltzeko aukera bikaina izango da: «Orain hiru urte ezagutu nuen Naji Hakim eta berehala hartu zuen txistu eta orkestrarako kontzertu bat idazteko konpromisoa. Esan eta egin! Aurrena kontzertu honen txistu eta pianorako bertsioa estreinatu nuen Baionan, Ana Belen Garciarekin, pasa den urteko uztailean; orain jatorrizko bertsioaren estreinaldi mundiala egitera goaz. Ekimen garrantzitsua da, errepertorioa handitzeaz gain, kanpoko musikari eta orkestrak gure-gurea den txistuaren beste erregistro bat ezagutzen dute-eta: orkestra baten aurrean bakarlari naturaltasun osoz. Ezohikoak diren beste musika-tresnek bide hau egin dute, esaterako gitarra eta eskusoinuak, eta txistuak ere badu eta izango du bere bide oparoa. Horretarako, eta gure kultura saldu eta azaltzeko, primerako aukera izango da«, esan du.

Libanoko hiriburuan eskainiko den emanaldian estreinatuko den txistu eta orkestrarako kontzertu honek hiru mugimenduko oberturaren patroiari jarraiki egingo da (allegro–moderato–allegro). Oberturaren hasiera, lehenengo allegro-a, 'Adieu, fillette de Bayonne' melodiaren gainetik eraiki da. Erdiko mugimenduak, berriz, 'Lurraren pian sar nindaiteke' melodia izango du ardatz, horren gainean zenbait aldaketa eginez. Azken atala, 'rondo' bat izango da. «Forma aldetik bitxia da kontzertua: egitura aldetik italiarra, armonia aldetik oso pertsonala eta inspirazio iturri Euskal Herria. Batez ere bigarren zatiko doinua. Pablo Sorozabalen 'Gernika hileta' doinuaren errekreazio aparta delako«, azaldu du Mendizabalek.

Kontzertu honetan izango da beste euskal musikariren lanak entzuteko aukera. Naji Hakimen kontzertua estreinatu ostean Xabier Zabalaren Irribarrea eskainiko da. Garikoitz Mendizabalek berak eskatutako obra Txistu Symphonic proiekturako.

Temas

Euskera