Garai desberdinetako bi maitasun istorio, Google-en bitartez uztartuko direnak

Xabier Etxaniz Rojo./
Xabier Etxaniz Rojo.

'Denok gara Google' eleberria argitaratu du Xabier Etxaniz Rojok, informazioari eta egiari buruzko hainbat galdera mahairatzen dituena

N. AZURMENDI

Xabier Etxaniz Rojo (Trintxerpe, 1971), ipuingile gisa da batik bat ezaguna, bost ipuin bilduma argitaratu baititu 2000-2013 urteen artean. Nobela ere landu du, ordea: 2003an Opera Primera saria eman zion 'Koadro isila' izan zuen aurrenekoa, eta 2016an argitaratu zuen bigarrena, 'Waterloo-n galdutakoa'.

Lan horiek guztiak bezala, Erein argitatxearekin kaleratu du oraingoz azkena duen liburua, 'Denok gara Google'. «Zortzigarren liburua Ereinekin argitaratzen dudana», gogoratu zuen idazleak aurkezpenean. Eleberri gisa aurkeztu zuten, baina izan liteke halaber bi narrazio luzetxok osatutako liburua. Izan liteke, baina Google-ek berak eman die bi narrazioei haien batuketa eleberritzat hartua izan dadin behar zuten batasuna.

Aurkezpenean azal deigarriari erreparatu zion lehenik Inazio Mujika Iraola editoreak. «Kolore diferenteko kearen atzean ezkutatu daitezke internet bidezko harreman ezkutuak, iragan urrutiko harreman baten memoria... Bizitzaren metafora ere izan daiteke, ezkutatuz doana bizitza bera bezala. Hori dena dago nobela honetan. Nobela bera bi partetan bereizia dago, badaude bi narrazio diferente, halako batean bat egiten dutenak».

Zer egin informazioarekin?

Aspaldiko partez AEKn irakasle dabilen Etxaniz Rojok hitza hartu orduko argitu zuen liburuaren hasierako xedea: «Maitasunezko istorio bat sortzea, gaur egungo garaietan». Bere lanetan askotan agertzen dira hain zuzen maitasun istorioak, «baina hasi nintzenean, 2000. urtean, ez zen existitzen ez Google, ez Twitter, ez WhatsApp, eta hortik hasi nintzen: maitasun istorio bat idazten gaur egungo tresneriarekin, ipuin moduan».

Tresneria hori baliatuz –WhatApp, zehazki–, «bi ezezagun topatu dira ziberrespazioan. Ez dute elkar ezagutzen, baina hasi dute harreman bat eta gero eta gusturago daude. Halako batean, bietako bat hasi da bilatzen zen den bikoteko beste kidea». Kideetako bat gizonezkoa da, Iñigo Ormazabal idazle ezaguna. Badu bikotekide bat, Barkarne, bere itzultzailea, eta harekin bizi da. Maitale bat ere badu, Maria. Barkane bolada baterako kanpora doanean, ziberespazioan saltseazen hasiko da, eta Oianko aurkituko du. Idazten dituen mezuetan erabiltzen duen euskarari esker bizkaitarra dela dakigu, baina hor amaitzen da hari buruzko informazioa. Hori aurreneko partea.

Bigarren partea oinarritzen da lagun on batek kontatu zion «bere familian gertatutako gerra garaiko istorio oso interesgarri batean». Hortxe zeukan, buruan, forma noiz emango zain. Eta azkenean aurkitu zuen nola kontatu, gaur egungo istorioarekin lotuta. Izan ere, Mariaren amaren bidez lotzen dira bi istorioak, hark, Libiak, eskatzen baitio alabari bilatzeko «bere iraganean oso garrantzitsua izan zen pertsona bat», 'frantsesaren semea' deitua.

Mariak Iñigorekin partekatuko du amak agindutako mandatua, eta hor hasiko dira bi maitasun istoriori dagozkien beste horrenbeste bilaketa. Iñigok jakin nahi du nor den Oianko, zergatik ezkutatzen den. Mariak, bere aldetik, jakin nahi du nor den 'frantsearen semea', zer egin zuen gerra garaian.

Idazleak azaldu zuenez, «benetako protagonistak dira Oianko eta Libia, eta badago beste gauza bat, beste ideia bat, bi istorio hauek uztartzen dituena: bilatzen dutena aurkitzen dutenean, zer egiten dute informazio horrekin, nola kudeatzen dute? Zer da hobea, jakitea ezo ez jakitea?». Izan ere, tresnak aldatzen dira, baina funtsezko galderak ez.

Temas

Euskera