Flamenkoari eskainitako astea izango dute Iruñean

José Marcé eta Tomatito, Starlite Festival-en/EFE
José Marcé eta Tomatito, Starlite Festival-en / EFE

Askotariko kontzertuez gain, klase magistralak, tailerrak, dokumentalak, haurrentzako jarduerak, hitzaldi eta mahai inguruak egingo dituzte, ahozko transmisioak flamenkoan duen garrantziaren inguruan gehienbat

DVDonostia

Iparraldera egingo du flamenko musikak. Iruñeko kale, plaza eta balkoiak beteko ditu, beste behin, Flamenco on Fire jaialdiak. Abuztuaren 20tik 25era, asteartetik igandera, egingo dute aurtengo edizioa. Kartelburu dira, besteak beste, Tomatito eta José Mercé, Sara Baras, Rocío Molina edota María Terremoto.

Jaialdiak Nafarroako sustrai flamenkoari gorazarre egin nahi dio, Agustin Castellon 'Sabicas' gitarristaren omenez. Horregatik, formatu desberdinetako ikuskizunak egiten dituzte Flamenco on Fire-en.

Antolatzaileek azaldu dutenez, sei emanaldi nagusi aurkeztuko dituzte hiriko Baluarten: Sara Baras, Ketama, Jose Merce eta Tomatito, Rocio Marquez eta Jorge Drexler, Rocio Molina eta Israel Galvan.

Abuztuaren 21ean, halaber, hasiko dira hiriko hiru eraikin esanguratsutako balkoietan kontzertuak egiten: 12:00etan lehen emanaldia egingo dute Mañuetako balkoi batean, 12:45ean Udaletxe plazako balkoian eta 13:30ean, eguna bukatzeko, La Perla hoteleko balkoian.

Kontzertu hauek formatu «tradizionalagoan» egingo dituzte, eta nahiko laburrak direla ere aurreratu dute antolatzaileek. 'F de On Fire', halaber, flamenco berriagoaren erakustaldia egiteko zikloaren izena da. Doako kontzertuak dira. La Negra y el Panky, Paquete y los Porrina Jam eta Las Migas entzuteko aukera izango da hilaren 3, 10 eta 19an, hurrenez hurren.

Flamencoaren oinarrian dagoen ahozkotasunaren omenez, gazte eta helduenak elkarrizketan jarriko dituen zikloa ere egingo dute. 'Belaunaldiak, mitoak eta gazteak' da jaialdiaren aurtengo edizioko leloa, eta horri omen eginez, Rancapino, Curro Almaicín, María José Llergo, José del Tomate, Sergio de Lope eta Ezekiel Benítez ariko dira kantuan.

Bestalde, flamenkologo, kazetari, artista, historialari eta kulturako beste artista nabarmen batzuk ere bertaratuko dira Iruñeara. Klase magistralak, tailerrak, dokumentalak, haurrentzako jarduera, hitzaldi eta mahai inguruak egingo dituzte, ahozko transmisioak flamenkoan duen garrantziaren inguruan gehienbat.

Temas

Euskera