Finaleko zortzikotea zehaztuko du Arrasateko saioak
Agin Laburu, Andoni Rekondo, Eñaut Martikorena, Iñigo Mantzizidor 'Mantxi', Maider Arregi eta Oihana Iguaran ariko dira kantuan
Bat bi eta hiru esan ohi den bezala, azken batean igarotzen ari dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak. Oiartzun, Zarautz eta Arrasate. Kontua serio jarri da eta abenduaren 14ko finala gero eta gertuago dago. Igande honetan 17:00etan hasita Uarkapeko pilotalekuko oholtzan arituko dira kantuan Agin Laburu Rezola, Andoni Rekondo Izagirre, Eñaut Martikorena Lizaso, Iñigo Mantzizidor Larrañaga 'Mantxi', Maider Arregi Markuleta eta Oihana Iguaran Barandiaran. Seiek buruan izango dute jada Beñat Gaztelumendik -azken bi txapelak, bereak- eta Alaia Martinek -laugarrena jarraian- lortutakoa: saioan gailendu eta zuzeneko txartela lortu. Saioko sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai, eta Uarkape pilotalekuko txarteldegian, egunean bertan, aurretik agortzen ez badira. Finalaurreko guztien gisan, zuzenean emitituko da, ETB4n. Ilaski Serranok aurkeztuko du saioa, Jon Martin aditua alboan duela.
Noski, beste bost leku ere izango dira txapelaren jokoko azken saioan, baina puntu langa altu dago ezarrita. Poto!-k sareetan azaldu duen bezala, finalerako txartela lortzeko proiekzioa 502 puntuan dago ezarria. Ideia bat egiteko, emaitza horrekin final-laurdenetako hiru irabazi, beste batean bigarren eta azkenean hirugarren izango litzateke bertsolaria. Bertsotan aritzea gutxi ez, presio hori ere kudeatu beharko dute.
Gai-jartzailea Imanol Artola Arretxe izango da. Epaile, ostera, hauek ariko dira: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Mikel Lersundi Ayestaran. Idazkari lanetan Aratz Irazustabarrena Garmendia ibiliko da.
Zortzikotea erabakiko da
Saioa bukatzearekin bat, finaleko zortzikotea erabakita egongo da, esan bezala Gaztelumendi, Martin eta Arrasateko saioko garailea. Gainerako bostak lehian dauden 15 bertsolarietatik aterako dira puntuazio hurrenkeraren arabera.
Une honetan sailkapena honela da: Beñat Gaztelumendi Arandia* (560,5), Ane Labaka Mayoz (552), Alaia Martin* (544,5), Nerea Elustondo Plazaola (522,5), Eneritz Artetxe (519,5), Aner Euzkitze (512), Unai Mendizabal (504,5), Amaia Iturriotz (493,5), Asier Azpiroz Iztueta (475,5), Oier Etxeberria Zubimendi (468,5) Eneko Araiztegi (462) eta Eli Pagola Apezetxea (449).
Hala, oraingoz langa Mendizabalen jardunak markatzen du eta, beraz, matematikoki aukera gabe geratu dira Iturriotz, Azpiroz, Etxeberria, Araiztegi eta Pagola. Esan bezala, 502 puntukoa da proiekzioa. Hedabide honetan azterketak egiten ari den Felix Irazustabarrenak esan bezala aurreikustekoa da Labaka eta Elustondo ere Illunben izango direla, Artetxek ditu ostean aukera gehien. Zain egon beharko dute Euzkitzek eta Mendizabalek, nahiz eta azken honen kasuan zaila ematen duen.
Azken kontu bat ere egon liteke jokoan, abenduaren 14ko finalean lehen aldiz emango den 25 urteko bertsolari onenaren saria. Final-laurdenetara 10 hautagai igaro ziren, orain finalaurrekoetan bi geratzen dira, Aner Peritz 'Euzkitze' eta Andoni Rekondo. Txapelketan urrutien heltzen denak lortuko du.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.