Film Commission Sarirako deialdia uztailaren 3an bukatuko da

Iazko pelikula irabazlea Marc Recha zuzendariaren 'La vida lliure' izan zen/Jose Mari Lopez
Iazko pelikula irabazlea Marc Recha zuzendariaren 'La vida lliure' izan zen / Jose Mari Lopez

Aurten bederatzigarren edizioa izango du sariak; helburua da eszenatoki bihurtzen diren hirietan filmaketekin negozio eta enplegu aukerak sortzen dituzten ikus-entzunezko ekoiztetxeen lana saritzea

DVDonostia

Donostia-Gipuzkoa Film Commission Sarirako deialdia ireki dute, filmak egiteko erabilitako hiriei balioa ematen dien filmentzat, eta ekoizleek uztailaren 3a baino lehenago aurkeztu beharko dituzte hautagaitzak. Pelikula filmatua izan den tokiko balio urbanistikoak, naturalak, kulturalak eta sozialak ondoen islatzen dituen film luzearen produkzio etxeak 7.000 euro jasoko ditu, eta Film Commission kolaboratzaileak 3.000 euro. Saria Donostia Zinemaldian banatuko da, irailaren 27an, Donostiako Udaleko iturriek iragarri dutenez.

Aurten bederatzigarren edizioa izango du sariak. Helburua da eszenatoki bihurtzen diren hirietan filmaketekin negozio eta enplegu aukerak sortzen dituzten ikus-entzunezko ekoiztetxeen lana saritzea. Ikus-entzunezkoen industria Donostiako eta Gipuzkoako motore ekonomiko gisa sustatzeko Donostiako Sustapena udal sozietateak Gipuzkoako Aldundiko Kultura Sailarekin batera duen estrategiaren barne dago jarduera.

Horrela, Donostia-Gipuzkoa Film Commission Sarira proposamenak aurkeztu ahalko dituzte ondorengo baldintzak betetzen dituzten estatuko ekoiztetxeek: fikziozko film luzea izatea (60 minututik gorako pelikulak); produkzioen edo koprodukzioen zati bat garatu izana estatuan garatzea, estatuko film commission batek edo hainbatek egiaztatutako lankidetzarekin; 2018ko urriaren 1etik aurrera estreinatua izatea edo estreinatu gabe egotea. Ekoiztetxe bakoitzak gehienez bi film luze aurkeztu ahal izango ditu.

Hirietako balio urbanistiko, paisajistiko, kultural eta sozialekin lotutako arlo batean edo batzuetan esperientzia aitortua duten pertsonek edo ikus-entzunezkoen sektorekoek osatuko dute epaimahaia.

Bere arduradunek gogorarazio dutenez, hiriak ikus-entzunezko industriaren zerbitzura dauden espazio eszeniko bezala sustatzerakoan zinemak duen garrantziari balioa emateko sortu zen saria. Sariaren bitartez, film luzeetan hirietako eta eskualdeetako balio naturalak, urbanoak, sozialak eta kulturalak islatzeko ahalegina saritu nahi da, horietara produkzio berriak erakartzen laguntzen baitute.

Iazko pelikula irabazlea Marc Recha zuzendariaren 'La vida lliure' izan zen, Menorcan filmatua, leku horretako paisaia, kultura eta historia arloko balioak ondoen islatzen zituen filmtzat hartzeagatik. Filmaren ekoizleak 7.000 euroko saria jaso zuen eta Illes Balears Film Commission-ek 3.000 eurokoa, erakunde kolaboratzaile gisa.

Temas

Euskera