EHZ festibalaren etapa berria sustatuko du Elkar Sariak

Euskal Herria Zuzenean festibala berrabiatu duen taldeko ordezkariak eta haiekin (ezkerretik bigarrena), Ma kolektiboko Oihana Enbeita./
Euskal Herria Zuzenean festibala berrabiatu duen taldeko ordezkariak eta haiekin (ezkerretik bigarrena), Ma kolektiboko Oihana Enbeita.

Ardura «belaunaldi berri batek» hartuta, Nafarroa Behereko Irisarrin egingo da ekainaren 28, 29 eta 30ean, sariari esker eskuratuko dituzten 10.000 euroen laguntzarekin

N. AZURMENDI

Elkar Fundazioak txandakatu egiten ditu euskal kultura sustatzeko dituen bi sariak: Joseba Jaka Beka eta Proiektuari Elkar Saria delakoa, 10.000na euroz hornituak biak. Iaz Jaka beka tokatu zen, eta Ma kolektiboak irabazi zuen, 'Lua kastore' proiektua garatzeko. Aurten, berriz, Proiektuari saria tokatzen zen, eta Donostian egindako agerraldian azaldu du Joxe Mari Sors, Elkar Fundazioko lehendakariak, Euskal Herria Zuzeneanfestibala izan dela saritua.

Joxe Mari Sorsen hitzetan, «Ipar Euskal Herrian urteotan dagoen mugimendu handiaren barruan, kulturan oinarritutako ekimen indartsu bat izatea uste dugu baloratu eta laguntzeko moduko ekimena dela. Are gehiago hori gazteen ekimena denean, eta haiek elkarlana edo taldelana bezalako balioak sustatzen dituztenean. Euskal kulturak ikusgarritasuna eta harrotasuna emango dioten proiektuak behar ditu, eta zalantzarik gabe Euskal Herria Zuzenean bada horretarako ekimena. Iazko geldialadiaren ondotik, indarberrituta dator berriro, eta elkar Fundazioak bere aletxoa jarri nahi izan du taldeak egiten duen lana lagunduz».

EHZk, hain zuzen, garai konplikatuak bizi izan ditu azken urteetan, eta etapa berri bati ekin nahi dio, «belaunaldi gaztearen» ekimenaz. Aurtengo edizioa, 25. izango litzatekeena, nahiz eta 2017an ez zen egin, ekainaren 28, 29 eta 30ean izango da, Nafarroa Behereko Irisarri herrian. Musika izango da aurten ere ardatz nagusia, baina aparteko bultzada eman nahi diote formakuntzari eta eztabaidari. EHZren etapa berria euren gain hartu duten gazteen izenean mintzatu diren Irati Fernandezek eta Julen Oillarburuk azaldu dute bultzada handia izango dela haientzat saria.

Agerraldian aurreratu dute saria maiatzaren 9an emango dela, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Saria emateko ekitaldian estreinatuko da, halaber, 'Lua kastore' ikuskizuna. Ma kolektiboaren izenean Oihana Enbeitak hartu du parte agerraldian. Esan du pribilegio bat dela haientzat azken urte honetan garatu duten lana Basteron aurkeztea, eta aurreratu du 50 bat minutuko iraupena izango duen ikuskizunak «maila berean» uztartuko dituena antzerkia, «hizkuntza poetikoa»-n oinarritua eta testu gutxikoa; dantza, «akademikoa eta garaikidea» eta ikus-entzunezkoa.

Temas

Euskera