Festetako kantaldiak

C. Tangana abeslari madrildarra./ Alberto Valdés / EFE
C. Tangana abeslari madrildarra. / Alberto Valdés / EFE

«Erabakia hartzen dutenek molderen bat izango dute, araudiren bat»

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Guztiok dakigu ez dagoela hiriburu, hiri, herri edo auzoko festarik musikarik gabe. Era berean badakigu bertako udalak ordaintzen dituela musikariak, herritarrek sosik ordaindu gabe goza dezaten kontzertua edo dantzaldia eta ulertzen dugu zer nolako boterea ematen dion sistemak kontratatzaileari.

Sarritan entzun dugu halako udalak debekua jarri diola abeslari edo musika talde bati edo beste udal batek zinegotzien gustuko taldeak aukeratzen dituztela. Seguruenik, zenbat eta herri handiagoa, zenbat eta kultur ekitaldi gehiago, orduan eta erabaki gehiago hartu behar du udaletan zeregin horietako antolatutako taldeak.

Azken egunotan hedabideek kontatu digute Bilboko udalak 'C Tangana' izeneko gizon bat kontratatu zuela kontzertu baterako eta handik gutxira indargabetu egin duela kontratua. Gizona rap-kantaria dela eta sarritan erabiltzen dituela emakumeekiko gorrotoa isurtzen duten hitzak eta horrek nola halako sona eman diola.

Azken puntu honek piztu zuen hainbat talde feministaren arreta eta berehala luzatu zioten eskakizuna udalari, ezin zirela diru publikoz ordaindu era horretako hitzak. Eta udalak bizkor egin zien kasu. Horrek adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida sortu du, eztabaida interesgarria.

Ez da erraza muga non jarri erabakitzea, noraino heltzen den aukeratzen duenaren erantzukizuna, zer den kantagarri diru publikoz ordaindutako kontzertu batean, zer egin gehiengoaren iritziarekin bat ez datozen musikari edo artistekin.

Baina nik, adierazpen askatasunaz dudan ideia hobetzeko asmoz jarraitzen dudan eztabaidaz gain, jakin nahi nuke nola aukeratu zuten abeslari hori, zergatik pentsatu zuen funtzionarioak edo haren lana egiten duen aldi baterako langileak bilbotarrek merezi zutela 'C Tangana' hori txalotzeko edo gaitzesteko aukera.

Seguruenik, erabakia hartzen dutenek molde bat izango dute, arautegi bat. Agian musika klasikoa hainbeste, rockeroak, poperoak, euskaldunak, emakumeak… bakoitzarentzat ehuneko bat, gobernatzen duen alderdiaren araberakoa. Eta agian «gaztedi» atala bete gabe zuten eta Tangana izango zen bururatu zitzaien lehen izena. Seguruenik jakin gabe ze demontreko musika egiten duen gizonak.

Diru publikoaz ari gara, jakinda diru hori dela hainbat musikariren irabazpide nagusia. Esparru pribatuan ez dago arazorik, nork entzun nahi duena ordaintzen duelako.