11.236 ikus-entzule eta 60tik gora emanaldi izan ditu FANT zinemaldiak

Zinema fantastikoaren jaialdiko itxiera jaiko irudia/FANT
Zinema fantastikoaren jaialdiko itxiera jaiko irudia / FANT

25. edizioan ikusle gehiago izan ditu zinema fantastikoaren jaialdiak, aurrekoan baino %5 gehiago

DVDonostia

FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 11.236 ikus-entzulerekin bukatu du 25. edizioa, hau da, 2018koan baino %5 gehiago, urteurreneko erakusketetara joandakoak zenbatu gabe. Bilboko Udalak antolatzen duen zinemaldiak zortzi urte daramatza etengabe hazten, programatutako zinema orduei zein aretoetara doan ikus-entzule kopuruari dagokienez.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, 25. edizioan antolatutako 60tik gora emanaldietatik, aretoa bete zen Lee Cronin irlandarraren 'The Hole in The Ground' film luzearen emanaldian (Sail Ofiziala irabazi zuen), eta ia bete zen David Martín Porrasen 'The Chain' filmaren munduko estreinaldian.

Ohikoa denez, Campos antzokiko inaugurazio ekitaldiak, nazioarteko film laburren saioek eta Guggenheim Bilbao Museoko auditoriumean egin zen amaiera ekitaldiak sarrera %95 inguru saldu zituzten; amaiera ekitaldian FANTastikoaren Izarra saria eman zioten J. A. Bayona zinemagile katalanari.

Edizio honetako «jauzi nagusia» Prefant egitarauaren jardueretako parte hartzean izan da, antolatzaileen arabera. Zinemaldiaren 25. edizioa zela eta, urtarrilean hasi ziren filmen aurretiko estreinaldiak, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, emanaldi bereziak eta zinemagileekin topaketak. Horrela, 2.700tik gora pertsonak hartu dute parte urtarriletik maiatzera antolatutako jardueretan, hau da, aurreko edizioetan baino hiru bider gehiagok.

Horrela, azpimarratu dute Koldo Serraren '70 Binladens' filmaren aurretiko estreinaldia, 512 ikus-entzulerekin. 'Destroyer' lanaren aurretiko estreinaldi-ekitaldia ere bete zuten. Jarduera horietako batzuk beste jaialdi (Loraldia, Animakom, Zinegoak) eta hiriko erakunde batzuekin (Caostica, Azkuna Zentroa) lankidetzan egiten dira, ikus-entzule gehiagorengana eta anitzagoengana heltzeko xedez.

Halaber, euren filmak aurkezteko Bilbon egon nahi izan duten zinemagile eta antzezle gehiago ere izan dira aurtengo edizioan. Horrela, Lee Cronin, David Martín Porras, Jon Mikel Caballero, Joe Penna edo Carolina Hellsgärd aretoan egon ziren prentsarekin eta ikus-entzuleekin, bai eta Panorama Fantastikoa sailean lehiatu ziren zinemagile guztiak, zenbait antzezle eta edizio honetan zinemaldiko ohorezko sariak jaso dituzten Jack Taylor, Guillermo de Oliveira, Fred Dekker eta J. A. Bayona ere.

Temas

Euskera