'Euskera Ikerketa Aldizkaria'-ren 2025eko bigarren zenbakia, kalean
Euskaltzaindiak zortzi ikerketa artikulu, bi ohar eta liburu aipamen bi bildu ditu bertan
I. M.
Jueves, 30 de octubre 2025, 14:30
Euskaltzaindiak 'Euskera Ikerketa Aldizkaria' argitalpenaren 2025eko bigarren zenbakia plazaratu du (lehenengoa apirilean plazaratu zen), eta zortzi ikerketa artikulu, bi ohar eta liburu aipamen bi bildu ditu bertan. Zenbaki berrian, besteak beste, Ipar Euskal Herriari lotuta landuak, hala nola hizkuntza-politikan demolinguistika ezartzeak egin ditzakeen ekarpenak jaso dira; baita 1940tik egundainoko poesiaren argi-itzalak; Nafarroa Behereko (Ortzaize) noketaren higatzea, eta Lapurdiko eta inguruko gazteen ahozko euskara informala ere.
Publicidad
Euskal hizkeren erritmoa jorratu duen azterlana ere bildu da argitalpenean, eta baita Lehen Hezkuntzari begira taxututako beste bi lan ere: bata, aisialdi antolatua eta euskararen hizkera informala uztartu dituena, eta bestea, lagunarteko hizkera ikastolako langaitzat hartu duen ikerketa. Etnolinguistikari ere leku eman dio zenbaki berriak, hilabeteei buruzko artikulua jasoz.
Orobat, 'Oharrak' atalean, Ander Manterola bizkaitar etnografoaren ibilbidea eta hizkuntza menperatuen gainean katalanaren ikuspegitik egindako hausnarketa ironikoa dago, eta liburu aipamenetan, batetik aragoieraren egoeraz, eta bestetik, termodinamika literaturan inplementatzeak ekar lezakeen onuraz gogoeta egin da.
'Euskera Ikerketa Aldizkaria' argitalpenaren aurrekari gisa, 'Euskera' Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala izan da 1920tik 2022ra bitartean, eta 2023tik aurrera bi argitalpen dira: batetik, 'Euskera Ikerketa Aldizkaria' eta bestetik, 'Euskaltzaindiaren Buletina'.
Lehenak, Akademiaren lan esparruetako ikerketa artikulu originalak, liburu aipamenak eta antzekoak jasotzen ditu, eta paperean eta euskarri informatikoan argitaratzen da; bigarrenak, Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen ditu eta modu elektronikoan argitaratzen da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión