Euskarazko 26 liburu berri argitaratu ditu aurten UPV/EHUk

EAEko unibertsitate publikoak Durangon salgai izango diren zenbait liburu./UPV/EHU
EAEko unibertsitate publikoak Durangon salgai izango diren zenbait liburu. / UPV/EHU

Durangoko Azokan erakutsiko ditu bere argitalpenak, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Udako Euskal Unibertsitateak bezala

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak jakintzaren arlo guztietako euskarazko liburuak aurkeztuko ditu Durangoko Azokaren 53. edizioan. «Ikasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko jendearentzat erakargarri diren ikerketa lanek, ikasliburu teknikoek (sormenezko nahiz itzulpen bidezkoek) eta dibulgaziokoek osatzen dute aurtengo uzta», alegia, 26 titulu berri ekarri dituena.

EAEko unibertsitate publikoa ez da Durangoko Azokan izango den bakarra. Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Udako Euskal Unibertsitateak ere izango dute presentzia Azokan, Barrenkaleko stand banatan (bertan da halaber EHU/UPV, bi standekin), nahiz eta nobedare gutxiagorekin azaltzen 53. edizioko katalogian.

Euskal Herriko Unibertsitatea, euskara sustatzeko daukan konpromisoari eutsiz, Durangoko Azokan, euskal kulturaren erakustoki garrantzitsuenean, izango da aurten ere. Hala, UPV/EHUk azken urtean euskaraz argitaratu dituen 26 titulu berri eramango ditu abenduaren 5etik 9ra bitartean egingo den 53. ediziora.

UPV/EHUren eskaintzan aipa daiteke, esate baterako, 'Non dago Mikel Laboa?' (Mikel Laboa Katedra, 2) lana, non artistaren bizitza eta obra aztertzen dituen Josune Albisuk, sormenaren gainean dugun kuriositatea asetzeko, eta sormenak gizartean duen eragina ikusteko. 60ko hamarkadan Mikel Laboak eta Marisol Bastidak izan zuten desio batek emango dio hasiera irakurketa honi: «mundu libreago, zuzenago eta gizatiarrago baten eraikuntzari ekarpen txiki bat behintzat egitea».

'Zientziaren historia txiki bat' (ZIO bilduma), William Bynum medikuntzaren historialari britainiarraren lana zientziaren esparrua bezain zabala da, eta zientziaren ibilbidea bezain luzea: Big Bangetik guganaino. Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO) bildumaren 20. zenbakia da lan hau, 15 urteko ibilbide oparoaren isla, eta hori ospatzeko, eskaintza bereziak izango dira Azokan.

'Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan' (Euskal Literatura Saila, 18) ere kontuan hartzeko modukoa da. Liburuaren oinarria euskaraz egindako ahozko literaturako kontakizunen bilketa lana da. Maialen Moreno Zubeldia egileak, kontakizun horiek aztertu eta sailkatzean, zati handi bat irri ixtorioek osatzen zutela konturatuta, irri ixtorio horien ezaugarrietan sakondu du, ahozko literaturako beste genero batzuen aldean hauek gutxiago aztertu direlakoan orain arte.

'Opera selecta. Joaquín Gorrochategui. I. Aquitanica/Akitaniera' (Koldo Mitxelena Katedra) liburuan, berriz, Akitaniako hizkuntzarekin eta herriarekin lotuta, Joaquín Gorrotxategik idatzi duen guztia jaso da, Blanca Urgell eta José María Vallejoren ardurapean. Hurrengo urteetan, beste bi liburuki aurreikusi dira egilearen gainerako lanak biltzeko.

Ezaguna da euskal literatura klasikoari eta, zehatzago, Axularren Geroren ekarriari Patxi Salaberri Muñoak dion zaletasuna. 'Axular eta Gero Patxi Salaberriren pasio' liburuan, gai honetaz idatzi dituen lan guztiak aurkituko ditu irakurleak, modu kronologikoan paraturik. Gotzon Aurrekoetxea, Jesús Mari Makazaga eta José Luis Ormaetxea 'Txipi' arduratu dira liburuaren edizioaz.

Horrez gain, Legeak/Leyes bilduma elebidunean, bi titulu publikatu dira aurten: Espainiako abokatutzaren estatutu orokorra, 21. zenbakia, eta Espainiako auzitegietako prokuradoreen estatutu orokorra, 22. zenbakia.

Sail eta bildumetatik kanpo, lau ikerketa argitaratu dira. 'Sarako euskara' Koldo Zuazoren liburuak gaur egun Ipar Euskal Herrian erabiltzen den euskara ezagutzeko oinarri sendoa ekarri du plazara.

'Gerraosteko Euskaltzaindiaren historia kulturala (1936-1954)' lanean , 1936 eta 1954 arteko Euskaltzaindiaren eta euskal kulturaren aro ilunegi hori, orain arte ez bezalako oinarri enpirikoarekin eta edozein azterketak izan beharko lukeen zintzotasun historikoarekin aztertzea izan da Anton Ugarteren asmoa. Euskaltzaindiarekin elkarlanean argitaratu da liburua.

'Esku ikusezinaren itzal luzea. Ekonomialarien erretorikaren kritika'-n, berriz, Joseba Permachek liberalismo ekonomikoaz dihardu, haren diskurtsoa eta funtzioa ikertzeko helburuarekin.

Euskaraz sortutako liburuak ez ezik, euskarara itzulitakoak ere badaramatza Durangoga UPV/EHUk.

Haurtzaroaren psikologia. Henri Wallonek erabateko ekarpena egin dio haurtzaroaren psikologiari; liburu honetan haren zortzi artikulu biltzen dira, Elena Herránek hautatuak, haurtzaroaren psikologiaren berri era sistematizatu eta argian eskaintzeko asmotan. Liburuan, haurra eta haren bilakaera ulertzeko modua eraldatzen duten egilearen orijinaltasuna eta oparotasuna islatzen dira.

Ikerkuntza sozialaren estiloak. Epistemologia, anarkia zerbait eta soziosofia pixka bat. José Ángel Bergua Amores. Ordena soziala politikaren bidez egiten da (profesionalek lagunduta), eta zientziaren bidez pentsatzen da (ikerkuntzak lagunduta). Gizartea aldatuz joan da, ekiteko eta gogoeta egiteko baliabideak ere aldatu egin direlako. Ikerkuntza sozialean, zehazki, teknika kuantitatiboen enfasia baztertu eta teknika kualitatiboak erabiltzen hasi dira, teknika parte-hartzaile eta esku-hartzaileetara iritsi arte.

Horrez gain, euskaraz sortutako zortzi eskuliburu argitaratu dira paperean eta euskarazko aldizkarien azken zenbakiak ere eramango dituzte Durangora: Ekaia (zientzia eta teknologia) aldizkariaren zenbaki arrunta eta berezia; Tantak (hezkuntza); eta Gogoa (diziplina anitzekoa). Baita ASJU (euskal filologia) aldizkari eleaniztunaren ale arruntak eta bi monografikoak ere ('Studia Philologica et Diachronica in honorem Joakin Gorrotxategi. Vasconica et Aquitanica', Joseba A. Lakarra eta Blanca Urgell irakasleen ardurapean; eta 'Le verbe basque ancien: étude philologique et diachronique9, Céline Mounole egilearen lana).

Berrikuntza horietaz gain, bisitariek beste berrehun titulu ere izango dituzte aukeran.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos