Euskarazko komunikabideek «bultzada sendoagoa» eskatu dute
Erakunde publikoek sektorera bideratzen dituzten baliabideen «handitze nabarmena» eskatu dute, «euskarazko komunikabideak egonkortzeko, berrikuntza prozesuak eta proiektuak garatu ahal izateko eta proiektu komunikatibo berriak garatu eta egonkortzeko»
Viernes, 23 de diciembre 2022, 12:31
Eusko Jaurlaritzak euskarazko komunikabideei eragiten dieten bi dirulaguntza deialdiren ebazpenak aztertu ondoren, euskarazko komunikabide ia denak (50 komunikabide, eta hiriek eskaintzen dituzten 130 komunikazio egitasmo baino gehiago) biltzen dituen Hekimen-ek adierazi du euskarazko komunikabideek «bultzada sendoagoa» behar dutela «erakunde publikoen aldetik».
Publicidad
Nabarmendu dutenez, «komunikazioaren mundua eraldaketa prozesu sakona bizitzen ari da» eta «euskarazko komunikabideek funtzio sozial garrantzitsua betetzen dute euskararen normalizazio prozesuan ez ezik, informaziorako eskubidean, iritzi aniztasunaren bermean zein desinformazioaren aurkako borrokan ere». Horretarako baina, «ezinbestekoa da euskarazko komunikabideen ekosistema egonkortzeaz eta sendotzeaz gain, errealitate berrira egokitu eta hobetzen joatea». Egokitzapen hori berrikuntzaren bidez egin behar du euskarazko komunikabideen sektoreak eta «eraldaketa prozesu saihestezin horretan ezinbestekoa dute erakunde publikoen laguntza, beste sektore asko ere jasotzen ari direna».
Balorazioa egin ostean zabaldu duten oharrean diotenez, batetik, «euskarazko hedabideentzako 2022-2024 aldirako laguntzen kasuan, hiru urte ondoren esleitutako kopuruak oraindik ez dira 2018ko datuetan oinarrituz ezarri ziren kostu estandarren %35 estaltzera iristen, horrela adostuta badago ere». Horrek,alegia, kolokan jartzen du akordioaren helburu nagusia zen «komunikabideen egonkortasun ekonomikoari laguntzea», are gehigo azken aldian «paperak, argindarrak edota erregaiek izan duten garestitze handia» kontuan hartuta, garestutzen horrek «egonkortasuna bermatzetik urrunago» eraman baititu,
Deialdian «paradoxa zital bat» suertatzen dela ere azaldu dute: «Egitasmo berriak sortzea edo ekoizpena handitzea berri oso onak badira ere, deialdirako diru-funtsa finkoa denez, ekoizpena handitzea edo egitasmo berriak sortzea sektorearen kontra bihurtzen da, sektorearen beraren garapena eragotziz».
Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren pandemiak hedabideetan eragindako kalteak gutxitzeko dirulaguntza bereziak ere badira kezka eta arazo iturri. Izan ere, «oraingoan iazkoan baino euskarazko komunikabide gehiago lagundu badituzte ere, euskarazko komunikabide gehienek (espezializatuek, astekariek, tokiko gehienek...) deialdi horretatik kanpo jarraitzen dute eta horrek ez du zentzurik: pandemiaren eraginak komunikabide guztiek pairatu dituzte eta denek lan egin dute beren hartzaileei informazio egoki eta zuzena emateko».
Publicidad
Laguntzak banatzeko orduan irizipideetako bat diren audientziak kalkulatzeko erabiltzen den sistema ere ez zaie egokia iruditzen, «ez dituelako audientzia potentzialak bereizten» eta bistan delako «erdal hedabideen audientzia potentziala eta euskarazkoena ez direla berdinak».
Honen guztiaren aurrean «Hekimen elkartea osatzen duten komunikabideek, beren egonezina adierazteaz gain, erakunde publikoen aldetik baliabide handitze nabarmena» eskatu dute, «euskarazko komunikabideak egonkortzeko, berrikuntza prozesuak eta proiektuak garatu ahal izateko eta proiektu komunikatibo berriak garatu eta egonkortzeko».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión