Euskararen egoerari buruzko zenbaki berezia plazaratu du 'Hermes'-ek

Ezkerretik eskuinera, Juan Mari Atutxa. Bingen Zupiria, Andres U/SABINO ARANA FUNDAZIOA
Ezkerretik eskuinera, Juan Mari Atutxa. Bingen Zupiria, Andres U / SABINO ARANA FUNDAZIOA

«Kolore ezberdinetako» ekarpenak bildu dituen aldizkariaren aurkezpenean azaldu duenez, Euskaraldiak hizkuntza ohiturei eta harremanei emandako «astindua» euskararen erabilerarentzat «bultzada bat» izatea espero du Bingen Zupiria sailburuak

Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen 'Hermes' pentsamendu eta historia aldizkariak euskararen egoera jorratu du 60. zenbaki berezian, «kolore ezberdinetako» ekarpenen bidez. Euskal Herriko lurralde guztietako hizkuntza politikako arduradun nagusien, Eusko Legebiltzarreko ordezkarien eta gizarte eta kultur eragileen ekarpenak jaso ditu aldizkariaren ale bereziak.

BingenZupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Juan Mari Atutxa Sabino Araba Fundazioko presidenteak eta José Antonio Rodríguez Ranz 'Hermes' aldizkariko zuzendariak parte hartu dute ale bereziaren aurkezpenean, Bilbon.

Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren ekimenez, 'Euskararen erabileraren gakoak' mintegia egin zen uztailean 12an, Bilbon, euskararen etorkizuneko erronkez jarduteko, batik bat, hizkuntzaren ezagutzaren eta erabileraren arteko alde handia orekatzeko ahaleginetan sakonduz. Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikako arduradun nagusiek parte hartu zuten mintegian, besteak beste.

Bada, lan jardunaldi horretako ondorioetan eta euskal lurraldeetako erakunde, gizarte eta kultur arloetako ordezkariek idatzitako artikuluetan oinarriturik, 'Hermes' aldizkariko arduradunek ale berezia argitaratu dute, 60. zenbakia, hain zuzen ere.

Euskarari dedikaturiko alean, Bingen Zupiriaren, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako sailburuaren, Mikel Arregi Nafarroako Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariaren ekarpenak jaso dira.

Gainera, Ana Esther Furundarena (EAJ), Rebeka Ubera (EH Bildu), Lander Martínez (AhalDugu), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Laura Garrido (PP) ordezkari politikoen testuak ere bildu ditu aldizkariak, bai eta Euskaltzandia, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), AEK, Ikastolen Elkartea eta Bartzelonako Unibertsitatea moduko erakundeetako ordezkarien ekarpenak ere.

Horiekin guztiekin batera, Pedro Ontoso kazetariak Andres Urrutia euskaltzainburuari egindako elkarrizketa bat eta Ane Pikaza zein Txetxu Berruezoren lan grafikoak ere jaso ditu aldizkariak euskarari dedikaturiko ale bereziak.

Astindua

Bere hitzaldian, Bingen Zupiriak adierazi du 'Hermes' aldizkaria «eredugarria» dela arlo askotan, eta, kasu honetan baita euskararen arloan ere. Aurten Euskaltzaindiaren mendeurrena eta euskara batuaren 50. urteurrena ospatu direla gogorarazi du, eta Euskaraldia ariketa sozialak euskaldunen ohiturak eta harremanak «astindu» dituela nabarmendu. Ildo horretan, espero du «astindu horren bitartez» euskararen erabilerak «bultzada bat» izatea.

Gainera, aurrerantzean «gauza asko» beharko direla esan du, besteak beste, «askoren arteko elkar ulertzea eta elkarrekiko errespetua, eta elkarrekin egin beharreko lana». Halaber, bakoitzak bere arduretatik neurriak hartzea eta erabakiak bultzatzea beharko direla adierazi du.

Bestalde, Juan Mari Atutxak nabarmendu du «Euskaraldiaren hamahirugarren egunean» gaudela asteazken honetan, eta 'Hermes' aldizkariaren ale bereziak euskararen erabileraren gakoez hausnartzeko ekarpena egiten duela. Ildo horretan, bi gogoeta plazaratu ditu: «Euskarak batzen gaitu, eta azken egunotan egindako berebiziko ahaleginak argi erakutsi digu oraindik ere bide luzea dugula aurretik».

Halaber, Andres Urrutiak adierazi du «asmoetatik ekintzetara» pasatzeko unea dela euskararen erabilerari dagokionez. «Eta ekintzetan ari gara», gaineratu du. Hainbat aldiz errepikatzen den «euskara guztion ondarea» esamoldea «gauzatu» egin behar dela azpimarratu du, eta poza agertu du 'Hermes' aldizkariaren ale bereziak «kolore, jatorri eta Euskal Herriko lurralde ezberdinetako jendea» bildu duelako.

Azkenik, José Antonio Rodríguez Ranzek aldizkariaren 60. zenbakiak izan duen kolaboratzaileen kopurua (23) eta aniztasuna nabarmendu ditu, pentsaera ezberdinetakoak, lurralde guztietakoak, erakunde eta alderdi politikoetako ordezkariak, legebiltzarkideak, kultur eta gizarte eragileak, irakasleak, ikertzaileak edota soziolinguistika bildu baititu.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos