Euskara atzerrian irakasteko ikastaroa antolatu du Etxeparek

Euskara atzerrian irakasteko ikastaroa antolatu du Etxeparek
EFE

Aurten lehen aldiz Gasteizen egingo den ikastaroan izena emateko epea irailean irekiko da

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Atzerriko Unibertsitateetan eta Goi-mailako Zentroetan Euskara Irakasteko Prestakuntza Ikastaroa antolatu dute aurten ere. Uztailean egin zen udako ikastaroaz gain, udazkenean ere, atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasle izan nahi duenak 56 orduko formakuntza hau jasotzeko aukera du.

Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendariak eta Mari Jose Olaziregi, Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasleak zuzenduriko ikastaro hau, Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza programaren baitan urtero antolatzen den ikastaroa da. Gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziatuei edo graduatuei dago zuzenduta.

Orain arte, Donostiako Carlos Santamaría zentroan izan da ikastaroa. Aurtengo saioak, ordea, Gasteizen egingo dira urritik abendura bitarte eta izen emate epea irailean irekiko da. Ikastaroaren helburuak honakoak dira: lanerako estrategia eraginkorra proposatzea euskara atzerriko hizkuntza gisa ezagutu eta eskuratzearen inguruan; euskararen berezitasunak eta espezifikotasuna proposatzea testuinguru elebakarretan edo/eta eleanitzetan; alderdi soziokulturaletan eta balioetan sakontzea, euskara bitarteko hartuta; eta atzerritarrei euskara irakasteko eta horiek euskara ikasteko prozesuetako trebetasunak eta gaitasunak optimizatzea IKTak eraginkortasunez erabiltzearen bidez.

Etxepare Euskal Institutuak, mundu akademikoan ere euskara eta euskal kultura ezagutarazi eta balioan jartzeko helburuarekin, euskal ikasketak sustatzen ditu nazioarteko unibertsitateetan. Gaur egun mundu osoko 35 unibertsitatetan eskaintzen da euskara eta euskal kulturarekin loturiko gaiak ikasteko aukera.