Euskaltzaindiaren lau proiektu 'esanguratsu' babestuko ditu Laboral Kutxak

Andres Urrutia euskaltzainburua eta Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusia./EUSKALTZAINDIA
Andres Urrutia euskaltzainburua eta Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusia. / EUSKALTZAINDIA

Bi erakundeek izenpetu duten lankidetza hitzarmenaren arabera, mendeurreneko egitarauari lotutako ekitaldiak sostengatuko ditu finantza erakundeak

Laboral Kutxak eta Euskaltzaindiak izenpetu duten lankidetza akordioaren eskutik, finantza erakundeak Akademiaren mendeurreneko lau egitasmo «esanguratsu» babestuko ditu.

Zehazki, 'Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018). Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarra' jardunaldia (urriaren 4, 5 eta 6an Arantzazun), Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren ondarea gizarteratzeko asmoz eraturiko 'Euskara ibiltaria' erakusketa eraberritua (2019ko martxoan inauguratuko da), Dialektologiari buruzko Nazioarteko Biltzarra (Bilboko Euskal Museoan, 2019ko martxoaren 14an eta 15ean), eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 10. liburukia (2019ko martxoan plazaratuko da) babestuko ditu Laboral Kutxak.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusiak izenpetu dute bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena. Urrutiak akordio berriaren «pisua eta esanahia» azpimarratu nahi izan ditu, orobat gogoratuz Laboral Kutxa Euskaltzaindiaren «aspaldiko bidelaguna» dela.

«Mendeurrenean erakutsi nahi dugu euskal gizarte eragileekin batera egiten dugula lan, gure helburuak partekatzen dituzten erakunde zein elkarte desberdinekin. Horietako bat da Laboral Kutxa, betidanik egon dena gure proiektuak babesten eta laguntzen. Tartean, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa diruz lagundu du, gure proiekturik esanguratsuenetakoa dena. Oraingo honetan, Laboral Kutxak bat egiten du gure mendeurrenarekin, bere asmo eta helburuekin, eta erakusten digu, beste behin, euskara eta euskal kultura aitzinatu nahi dituela», azaldu du.

Bestalde, Gallastegik gogoratu du «euskal gizartearen garapen osoarekin konprometituriko erakundea» ordezkatzen duela. Bere hitzetan, «gure helburuen artean daude euskal kultura sustatzea eta euskara biziberritzea. Hori dela eta, Euskaltzaindiarekin izan ditugun harreman historikoetan sakondu nahi dugu, mendeurrena bultzatuz eta, horren barruan, zenbait egitasmo beren-beregi babestuz».

Euskaltzaindiak mendeurrena ospatuko du 2018ko irailetik 2019ko urria bitartean. Baionako jardunaldiarekin abiatuko da egitaraua, eta helburu zehatz batzuk ezarri dira ospakizunerako. Horrela, Euskaltzaindiak azken ehun urtean egin duen lana gizarteratu eta eginiko bidea balioetsi nahi du, eta Iker eta Jagon sailetan, etorkizunerako dituen asmoak eta ildo estrategikoak gizarteratu.

Halaber, Akademiaren aitzindaritza tarteko dela, euskararen eta euskal kulturaren inguruan gizarte zibila egituratu nahi du, eta askotariko eragile publiko eta pribatuen artean lankidetzarako oinarriak proposatu. Helburu nagusia da gizarte zibiletik euskararen biziberritzeari bultzada berri bat ematea datozen bi hamarkadetan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos