Euskaltzaindiaren jarduna «modu entretenigarrian» jaso dute komiki formatuan

72 orrialde ditu guztira, azal gogorra, koloretan argitaratu da eta lau ataletan banatuta dago/Euskaltzaindia
72 orrialde ditu guztira, azal gogorra, koloretan argitaratu da eta lau ataletan banatuta dago / Euskaltzaindia

Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak idatzi du komikiaren gidoia eta Amaia Ballesterosenak dira irudiak

DVDonostia

Noticias Taldeak 'Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna' komikia aurkeztu du, ostegun honetan, Akademiaren Bilboko egoitzan. Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak idatzi du komikiaren gidoia eta Amaia Ballesterosenak dira irudiak, eta «modu entretenigarrian» jaso dute Euskaltzaindiaren jarduna. Komunikazio taldeak Eroskiren babesarekin argitaratu du liburua.

Iñaki Alzaga Noticias Taldeko zuzendari nagusiak, Jose Antonio Yela Eroskiko Kanpo Harremanetarako zuzendariak, Juan Luis Zabalak, Amaia Ballesterosek eta Andres Urrutia euskaltzainburuak parte hartu dute komikiaren aurkezpenean.

Komikiak 72 orrialde ditu guztira, azal gogorra, koloretan argitaratu da eta lau ataletan banatuta dago. Halaber, argitalpenaren arduradunek adierazi dute paper ekologikoa erabili dela prozesu guztian: «Honen bidez, ingurumena zaintzeko konpromisoa erakutsi nahi izan dugu».

«Ezustean hartu ninduen Andres Urrutiak egindako proposamenak, baina berehala onartu nuen, lan interesgarria izango zela iritzita», esan du Zabalak. Prozesuaren zailtasunak ere azpimarratu ditu: «Mamiari uko egin gabe, Euskaltzaindiaren historia ahalik eta modurik atsegin eta entretenigarrienean kontatzen saiatu naiz, Amaia Ballesterosen laguntzarekin. Gidoia lantzen ere lagundu dit Amaiak. Zailena izan da kontaketari bizitasuna ematea eszena eta pertsonaien arteko solasaldi zehatzen bidez, kontaketa orokorrari muzin egin gabe».

Idazle azkoitiarrak aitortu du Euskaltzaindiaren iraganeko irudia aldatzen saiatu dela. Bere hitzetan, «euskaldun askok Euskaltzaindia erakunde zaharkitutzat dute eta, lausoa bada ere, beldur moduko bat diotela iruditzen zait, hiztunak epaitu eta zigortzeko sortutako erakundea balitz bezala. Komikiak ikuspegi hori aldatzen laguntzea gustatuko litzaidake, erakutsiz Euskaltzaindia euskaldunoi laguntzeko sortua dela eta horretan ahalegintzen dela».

ZAZPI HILABETE

Amaia Ballesteros irudigileak zazpi hilabete behar izan ditu gidoia moldatu eta irudiak marrazteko. «Juan Luis eta biok saiatu gara Euskaltzaindiaren historia komikiaren hizkuntzara moldatzen, ukitu futurista bat emanez, 'Blade Runner'-en antzera», azaldu du.

Juan Luisekin «oso ondo» konpondu dela esan du Ballesterosek, eta komikia nolakoa den azaldu nahi izan du: «Nire marrazkiak eta ilustrazioak oso koloretsuak dira. Bizi pixka bat eman behar zitzaion komiki honi, eta ez da beti erraza izan. Batzuetan pertsonaia asko irudikatu behar nituen batera espazio txiki batean, beste batzuetan ez neukan pertsonaien argazkirik, eta irudimena erabili behar izan dut. Hara, bitxikeria bat: XX. mendeko hasierako argazki guztiak zuri-beltzekoak ziren, eta ia komikiaren bukaeran enteratu nintzen Azkue ilegorria zela!».

«Lan garrantzitsua izan da, gozatzekoa, eta gainera asko ikasi dut. Ohore handia izan da niretzat maite dudan hizkuntzaren akademiaren historia marraztea», gaineratu du Ballesterosek.

Temas

Euskera