'EuskaldunIzate' kanpaina abian da Donostian

'EuskaldunIzate' kanpaina abian da Donostian
irekia.eus

Hiriko euskaltegi eta zentro homologatuetan euskara ikasteko izena eman daiteke dagoeneko; iazko 'EuskaldunIzate' leloaren arrakasta ikusita, izen berdinarekin aurkeztu dute aurtengo kanpaina

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Donostiako Udalak eta hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei, eta 2019-2020 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek irailean izena emateko aukera dute hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri dute martxan.

Jon Insausti Donostiako Udaleko Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute #euskaldunízate kanpaina.

Insaustik adierazi du kanpainaren leloak «ezin hobeto» jasotzen duela zabaldu nahi den mezua eta horregatik erabili dute berriro iazko lelo bera: «#euskaldunízate leloak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, euskaldunizatzea alegia, gaztelaniaz».

Euskalduntzeko matrikulazio kanpaina udazkenarekin batera datorrenez, «hitz eta letra zaparradak irudikatu dira aurtengo irudietan, euskararen zaparrada irudikatzeko. Udazkeneko zaparradek edota sirimiriak blai eginda uzten gaituzte lehenago edo geroago, eta euskara ere halaxe iristea nahi dugu: barruraino».

Gainera, aurtengo kanpainari «bultzada berezia» emango zaio arlo digitalean, bereziki sare sozialetan: «#euskaldunízate leloak hizkuntzen arteko jokoaren bidez bi hizkuntzetako hiztunei erreferentzia egitearekin batera, hasierako traolarekin sarean kokatu nahi dugu kanpaina».

Halaber, euskaltegi eta zentro homologatuen ordezkari, Xabier Vazquezek adierazi duenez, «euskaltegion ardura nagusia baliabideak eskaintzea da: ulertzen ez duenak ulertzeko, hitz egitea kostatzen zaiona seguruago sentitzeko, literatura edo prentsa euskaraz irakurtzea arrotza zaiona erosoago sentitzeko, hitanoa inoiz erabili ez duenak ikasteko, batuan edo beste euskalkietan trebatzeko... Beraz, herritar asko daude gonbidatuak euskaltegietara; izan ere, helburu asko egon daitezke euskaltegietan izena emateko, dagoeneko euskalduna izan ala ez».

Euskara ikasi edo maila hobetu nahi dutenek hirian euskaltegi sare garrantzitsua izateaz gain, ikasleen beharretara egokitutako eskaintza izango dute. Alde batetik, euskaltegiek ohiko aurrez aurreko ikastaroak eskainiko dituzte euskaltegian bertan eta astean lau, sei, zortzi edota hamar orduko eskolak jaso daitezke; bestetik, euskara azkarrago ikasi nahi dutenentzako ikastaro trinkoak eskainiko dituzte (astean 20 edo 25 ordukoak).

Euskaltegira joateko zailtasunak dituztenek, berriz, Internet bidezko autoikaskuntza ikastaroak dituzte aukeran. Badira, bestalde, xede bereziko taldeentzako egokitutako ikastaro berezituak, hau da, guraso, merkatari, ostalari edota etorkinentzat antolatzen direnak.

DIRU LAGUNTZAK

Irailetik, euskara ikasi nahi dutenek hiriko edozein euskaltegitan izena emateko aukera dute. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan ikastaro horietarako diru laguntza eskatzeko epea, berriz, urriaren 1etik azaroaren 16ra egongo da zabalik.

Urritik aurrera euskara ikasten hasiko direnek eskatu ahal izango dute diru laguntza Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza, 2) eta UdalInfo bulegoetan (udaletxean, Morlansen, Eason eta Altzan). Diru laguntza eskaera sarean egiteko aukera ere izango dute herritarrek, www.donostia.eus eta www.donostieuskaraz.eus web orrietan.

Urrian hasiko diren ikastaroez gain, 2020ko otsailetik ekainera bitarteko ikastaroak ere diruz lagunduko dira. Ikastaro horietan parte hartuko dutenek datorren otsailean egin ahal izango dute diru laguntza eskaera.

Aurrez aurreko ikastaro arruntez gain, bestelako ikastaro motak ere lagunduko dira: barnetegiak, autoikaskuntzakoak eta udakoak. Horiek diruz laguntzeko eskabidea ikastaroa behin hasita 30 eguneko epean egin beharko da.

Diru laguntzak eskatzeko baldintzak ondokoak dira: 16 urtetik gorakoa izatea, Donostian erroldatuta egotea eta egoitza soziala Donostian duen entitate edo zerbitzu enpresa batean lan egitea. Diru laguntza jasotzeko baldintzak, aldiz, euskaltegi edo zentro homologatu batean matrikulatzea, eskabidea behar bezala beteta eta nahitaezko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztea, eta ikasturte amaieran gutxienez azpimaila bat gainditu eta %85eko asistentzia egiaztatzea dira.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ematen dituen diru laguntzak bateragarriak izango dira ikasle batek jaso ditzakeen beste zenbait laguntzekin. Ikasle batek enpresa pribatu baten diru laguntza jaso arren (lan egiten duen enpresa, esaterako), Euskara Zerbitzuaren diru laguntza ere eskatu ahal izango du, betiere gain finantzaketa ez dela izango ziurtatuz.

AURREKO IKASTURTEA

2018-2019 ikasturteko neguko ikastaroetan (udako datuak oraindik ez dira jaso) 4.272 lagun aritu ziren Donostiako euskaltegietan euskara ikasten. Neguko ikastaroetan aritu ziren herritarren artean, 1.485 lagunek egin zuten diru laguntza eskabidea udalean, eta, horien artean, diru laguntzak jasotzeko baldintzak bete zituztenak 1.163 izan ziren (%78,32).

Aurrekontuari dagokionez, 256.533,48 euro bideratu ziren neguko ikastaroak diruz laguntzeko; 19.315,27 euro udako ikastaroetan aritu ziren herritarrak laguntzeko izan ziren, 38.000 euro langabeen ikastaroak antolatzeko eta 39.755 euro xede bereziko ikastaroak aurrera eramateko.

Neguan ikasten aritutakoek irailean jasoko dute diru laguntza, eta horrela, ikasturte berrirako matrikula ordaintzeko baliagarri izango zaie jasotzen duten dirua. Udan aritutakoek, berriz, abenduan jasoko dute dagokien diru laguntza.