Euskal zinemaren azken lau hamarkadei errepasoa egingo diete Eskozian

Larraza, Zupiria, Almandoz, del Campo eta Vicario, ekimenaren aurkezpenean/Etxepare
Larraza, Zupiria, Almandoz, del Campo eta Vicario, ekimenaren aurkezpenean / Etxepare

Edinburgo eta Glasgowko zenbait zinema aretotan ikusgai izango dira 1980ko hamarkadatik aurrera produzitutako hainbat euskal film. Besteak beste, 'Oreina', 'Tasio', 'Obaba', 'Dantza' eta 'Loreak' ikusi ahalko dira

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

1980ko hamarkadatik gaurdaino ekoitzitako euskal zinema bildu eta erakutsiko dute maiatzean zehar Edinburgoko eta Glasgowko zenbait zinema aretotan. Etxepare Euskal Institutuak sustaturiko Scotland Goes Basque programaren baitan burutuko dute atzera begirakoa.

Egitarau osoa aurkezteko ekitaldian izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, eta Koldo Almandoz, Begoña Vicario eta Iban del Campo zinemagileak.

Agerraldian gogoratu dutenez, Scotland Goes Basque ekimenaren helburua da zubiak eraikitzea euskal zein eskoziar kulturen, artearen eta hizkuntzen artean, eta oraingoan euskal zinearen bitartez bilatuko da xede hori. CinemaAttic plataformaren eta Edinburgh International Film Festival (EIFF) jaialdiaren baitan eskainiko da atzera begirakoa.

Horrela, 'Tasio' (1984) filmetik hasi eta 'Oreina' (2018) pelikularaino, euskal zinemaren garapena islatzen duen bilduma bat aurkeztuko da Eskoziako bi hiri nagusietan, hiru belaunalditako zinemagileen ikuspegia hizpide hartuta. Fikziozko lanek, dokumentalek, film laburrek eta animazio esperimentaleko piezek osatuko dute atzera begirakoa, eta horien inguruan bestelako hainbat jarduera izango da.

Hain zuzen, azken lau hamarkadetan euskal zinemagintzan jardun duten hiru belaunaldietako zuzendarien film luzeak aurkeztuko dira. Lehenengo belaunaldiko zinemagileen lanaren adierazgarri izango dira Montxo Armendarizen 'Tasio' eta 'Obaba' eta Víctor Ericeren 'El espíritu de la colmena'.

Bigarren belaunaldiko zinemagileen lana islatzeko, Julio Medemen 'Vacas', Álex de la Iglesiaren 'El día de la bestia' eta Enrique Urbizuren 'No habrá paz para los malvados', eta «euskal zinearen loraldi berritzat edo urrezko arotzat» jo den hirugarren belaunaldiaren eredugarri, berriz, ikusgai izango dira Telmo Esnalen 'Dantza', Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren 'Loreak', Ana Schulz eta Cristobal Fernandezen 'Mudar la piel' eta Koldo Almandozen 'Oreina'.

'Kimuak', animazioa eta animazioa

Bestalde, sortu zenetik zinemagile ugariren harrobi eta belaunaldi berriko zinemagileen talentuaren adierazle den Kimuak programaren 2018ko uztako film laburrak ikusteko aukera ere izango da. Maddi Barberen '592 metroz goiti', Josu Martinezen 'Ama', Mari Elorzaren 'Ancora Lucciole', Miguel Angel Jimenezen 'Kafenio Kastello', Sara Fantovaren 'No me despertéis', Pello Gutierrezen 'Zain' eta Iban del Camporen 'Espedizio handia'.

Animaziozko zineak ere, bereziki emakumeek egindakoak, bere tokia izango du euskal zinearen erakusleihoan. Horrela, 'Great Basque Women Animators' (Euskal emakume animazio egile handiak) izenburuko jardueraren baitan, Begoña Vicariok eta Izibene Oñederrak lantegi bat emango dute, eta euren ibilbidean esanguratsuak izan diren hainbat film aurkeztuko dituzte Glasgowen.

Halaber, euskal kultura eta tradizioa eskoziarrei hurbiltzeko ahaleginean, eta zineak horiekin duen lotura baliatuta, gastronomia eta dantza tradizionala ezagutzeko aukera ere izango da. Batetik, Glasgowko Arte Garaikideko Zentroan 'Bihar dok 13' dokumentala proiektatuko da eta afaria antolatu da, bai eta hirian bertan egingo da 'Leith Pintxos and Films' ekimena ere.

Bestetik, zikloaren Edinburgoko irekieran, 'Dantza' filmarekin batera, euskal dantzen emanaldia ikusteko aukera egongo da. Euskal zinean euskal arteak duen presentziaren beste erakusle bat 'Obaba' filmaren proiekzioa izango da, Bernardo Atxagaren 'Obabakoak' oinarri duena.

Temas

Euskera