Euskal sorkuntzaren 11 hautagaiak

Aktore onenaren saria jasotzeko hautagaia da Sagardoy/Lusa
Aktore onenaren saria jasotzeko hautagaia da Sagardoy / Lusa

Eneko Sagardoy, Kukai dantza taldea, Markeliñeren 'Euria' antzezlana eta Miren Gaztañaga dira arte eszenikoetako Max Sarietarako hautatutako artista eta euskal produkzioetako batzuk

Hamaika euskal sorkuntza ageri dira SGAE Fundazioak jakitera emandako arte eszenikoetako Max Sarien lehen hautagai zerrendan. Guztira aurkeztu diren 358 ikuskizunen artean, 119 izan dira aukeratuak hautagai gisa parte hartzeko; aurrerago, bigarren hautaketa bat egingo da, 19 kategoria ezberdinetako finalistak zehazteko. Azkenik, maiatzaren 20an, Valladoliden, XXII. edizio honen sari banaketa ospatuko da.

Hautagaien artean, 'Handia' filmeko protagonista, Eneko Sagardoy durangarra ageri da aktore onenaren saria jasotzeko izendatua, 'Fedra' antzezlanagatik. Emakumeen artean, berriz, Miren Gaztañaga Bilboko Arriaga Antzokian sortutako 'Tiempos mezquinos' antzezlanagatik da sari honetarako hautagaia.

Euskal sorkuntzen artean, aipatzekoa da azken bi urteetan hainbat garaikur lortu dituen Kukai dantza taldeak aurten ere dituen zazpi hautagaitzak, 'Erritu' lanari esker: dantza ikuskizun onena, koreografia, musika konposaketa, jantzitegiaren diseinua, argiztapenaren diseinua eta gizonezko eta emakumezkoen antzezpen onena Eneko Gil eta Nerea Vesgarentzako.

Beste zenbait hautagai ere badira. Bilbao 700 fundazioak estatuko lehen zirkulu feministaren inguruan sortutako 'Lyceum Club', ikuskizun berri onenerako hautagaia da. Azken urtean kaleko ikuskizun onenaren saria lortu zuen Ertza taldeak, 'La teta de Janet' lanari esker, aurten ere lau hautagaitza ditu: koreografia onena, musika konposaketa onena eta dantza interpretatzaile onenak, emakumezkoetan eta gizonezkoetan (Maria Andrés eta Thiago Luiz Almeida). Txalo Produkzioaken 'Juntos' ere antzezlan onenaren sarirako hautagaitzat aukeratu dute.

Gehiago ere badira, tartean, kale kategorian, Hortzmugaren 'Jule' eta dantza interpretazio onenaren atalean Eneko Balerdi, Txapeldun lanagatik. Azkenik, haurrentzako muntaien artean hiru euskal produkzio izan dira hautatuak: Markeliñeren 'Euria', Marie de Jonghen 'Estrella' eta Teatro Gorakadaren 'El viaje de Ulises'. Guztira, 11 euskal ikuskizun izan dira hautatuak, amaieran banatuko diren banakako 213 sari eta ikuskizunentzako 73 jasotzeko hautagaien lehen zerrenda honetan.

Temas

Euskera