Euskal produkzio kulturalari ateak zabaldu dizkio Edinburgok

Liburua, kanpotik/Etxepare
Liburua, kanpotik / Etxepare

'Chejov vs. Shakespeare' proiektuaren baitan argitaratutako testuen liburua prest dute; ban Zaldua euskal idazleak eta James Robertson eskoziarrak aurkeztuko dute

DVDonostia

Prest da 'Chejov vs. Shakespeare' proiektuaren baitan argitaratutako testuen liburua. Abuztuaren 10ean Edinburgoko literatura jaialdian aurkeztuko dute Iban Zaldua euskal idazleak eta James Robertson eskoziarrak. Hasi dira Fringe Festival delakoarekin, eta hilabete amaiera arte luzatuko da jardueren agenda.

Abuztuaren 7tik 10era, 'Tio Teronen Semeak: FreshCool' musika, dantza eta umorea nahasten ditu kaleko ikuskizuna egingo dute Royal Mile Mercat Stage-ean.

Ostegunetik igandera, hilaren 8 eta 11 bitartean, Basque Showcase euskal dantza erakusketa egingo dute. Euskal Herriko dantza garaikidearen eklektizismoa agerian utziko dute, hip hopetik dantza garaikide lirikoraino doan eskaintza prestatu dute eta.

Hala ere, abuztuaren 9an izango da proiektu berezienetako baten aurkezpena: 'Atlantik 1050' ikuskizuna egingo dute. Ikuskizun horrek eskoziar eta euskal dantza tradizionalak nahasten ditu, dantzari gazte amateurrez osatutako talde heterogeneo baten eskutik. Etxepare Euskal Institutuak, Eskoziako Dance Base zentroak eta Errenteriako Atlantikaldia jaialdiak batera kudeatutako proiektua da, eta Edinburgo eta Errenteria banatzen dituzten 1050 itsas-milien omenez jarri zaio izena.

Euskal literaturari lekua egin diote, halaber, Edinburgh International Book Festival jaialdian. Abuztuaren 10etik 18ra Euskal literaturaren eszenako hainbat izen esanguratsu gonbidatu dituzte Eskoziako hiriburura, eta bertako idazleekin batera bederatzi ekintzatan hartuko dute parte, musika, janaria edota bertsolaritza hizpide.

Bertan jardungo duten idazleak dira, Iban Zalduarekin batera, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte; eta horiekin, Joseba Etxegoien eta Eñaut Elorrieta musikariak ere bertaratuko dira.

1947. urtetik uda partean eskoziar hiriburuan egiten den Edinburgh Festival Fringe da munduko zuzeneko ikuskizunen jaialdi garrantzitsuena.

Temas

Euskera